HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Urtarrilak 31

Aldi hartan, Jesus eta ikasleak itsasoaz bestaldera joan ziren, gerasatarren lurraldera. Jesus ontzitik jaitsi zeneko, espiritu gaiztoaren menpe zegoen gizon bat atera zitzaion hilobi artetik bidera. Hilobietan bizi zen, eta ezin zuen inork lotuta eduki, ezta katez ere; askotan lotua zuten girgiluz eta katez, baina hark kateak hautsi eta girgiluak puskatu egiten zituen, eta ez zen inor ere hura menderatzeko gauza. Gau eta egun, hilobi artean eta mendiz mendi ibili ohi zen etengabe, marrumaka eta bere burua harriz zauritzen.

Urrutitik Jesus ikustean, lasterka joan eta aurrean ahuspeztu zitzaion. Eta oihu handiz esan zion: «Zer duzu nirekin, Jesus, Goi-goiko Jainkoaren Seme horrek? Jainkoarren, ez nazazu oinazetu» Izan ere, Jesusek hau agindu baitzion: «Atera hadi gizon honengandik, espiritu gaizto hori!» Orduan, Jesusek galdetu zion: «Nola duk izena?» Hark erantzun: «Taldea, asko gara eta» Eta arren eta arren eskatzen zion, ez zitzala lurralde hartatik kanpora bidal. Txerri-talde handia zebilen mendi inguru hartan, uxarrean. Espiritu gaiztoek eskatu zioten Jesusi: «Bidal gaitzazu txerrietara, beraietan sar gaitezen» Hark baimena eman zien; orduan, espiritu gaiztoak gizonagandik atera eta txerrietan sartu ziren, eta txerri-taldea ezpondan behera itsasora amildu zen; bi mila inguru txerri ito zen.

Txerrizainek ihes egin eta gertatuaren berri zabaldu zuten herrian eta auzoetan; eta jendea, zer gertatu zen ikustera etorri zen. Jesusengana iristean, han ikusi zuten deabruduna, eserita, jantzirik eta bere onean, lehen deabru- taldearen menpe zegoen huraxe bera, eta biziki izutu ziren. Ikusi zutenek, deabrudunari gertatua eta txerriena kontatu zieten. Orduan, beren lur-mugetatik alde egiteko eskatu zioten Jesusi. Jesus ontzira igotzean, deabrudun izanak arren eskatzen zion berarekin ibiltzen uzteko; baina Jesusek ez zion utzi, baizik hau esan zion: «Zoaz etxera, zeure senitartera, eta jakinarazi Jaunak, zutaz errukiturik, egin dizun guztia» Joan zen, bada, eta Jesusek egin ziona hots egiten hasi zen Dekapolisko lurraldean. Harriturik gelditzen ziren denak.

Markos 5, 1-20.

Txerriak oso preziatuak dira. Txerriak dira lurralde horretako jendearen aberastasuna. Txerri jabeentzat eta jabeen langileentzat beren aberastasuna (txerriak) deabrudun jendearen sufrimendua baino askoz ere baliotsuagoa da.

Mundu zibilizatu garatuan, gure bizimodu kontsumista erosoa (gure txerri taldea) zaintzen dugu. Mundu ahaltsu honen ertzetan, ordea, hainbat oinaze, hainbat urratu, hainbat negar, hainbat gose ageri da; ertzetako hilobiei kiratsa darie eta hori ez zaigu atsegin, ez da salgarri gure azoka apartetan. Zenbat jende deabrudun gizarte kontsumistan ate joka, bizitzaren mugatan arnasestuka, azkenetan, hilzorian?

Jesusek deabrudun horien guztien izena ezagutzen du eta haren bihotz gupidaz betean gordeta daude. Eta ezin daiteke, aldi berean, txerriekin eta Jesusekin egon.

Fedea ez da doktrina bat, harreman bat baizik, Jesusekin topo egitean erroturiko harremana. Baina, gure eskandalurako, Jesus deabrudunekin tratuan dago! Jesusekiko harremana bilatzeak eta lantzeak giza historiaren hilobietara eramaten gaitu.

Luzio Uriarte

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.