HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Urtarrilak 30
Aldi hartan, Jesus honela hasi zitzaien hitz egiten: «Gaur bete da, orain entzun duzuen Liburu Santuko hitz hau» Denek Jesusen alde hitz egiten zuten eta harriturik zeuden Jainkoaren onginahiaz esaten zituenengatik. Baina hau zioten: «Ez al da, ba, hau Joseren semea?»
Orduan, Jesusek esan zien: «Harako esaera hura gogoraraziko didazue, noski: “Sendagile, sendatu zeure burua “, eta esango: “Egitzazu hemen ere, zeure herrian, Kafarnaumen egin omen dituzun gauzak”».
Eta erantsi zuen: «Hara, egia esan: Ez da profetarik bere herrian onartua denik. Egiaz esaten dizuet: Bazen emakume alargunik asko Israelen Eliasen garaian, hiru urte eta sei hilabetez euria egin gabe egonik, lurralde guztian gosete gorria izan zenean; hala ere, Jainkoak ez zion haietako inori bidali Elias, Sidon herrialdeko Sareptako alargunari baizik. Eta bazen legenardunik asko Israelen Eliseo profetaren garaian; hala ere, ez zen haietako inor sendatu, Siriako Naaman baizik».
Hauek entzutean, sinagogan zeuden guztiak amorruz bete ziren. Eta jaikirik, Jesus herritik kanpora atera eta herria eraikia zegoen mendiko amildegira eraman zuten, handik behera botatzeko asmotan. Baina Jesus haien erditik igaro eta bere bidetik joan zen.
Lukas 4, 21-30.
Giza bizitza galderaz betea da. Galdera horietako bakoitzarentzat, hainbat erantzun, gero eta gehiago; erantzun bakoitza, gero eta ahulagoa. Nola kokatu ziurgabetasunak jotako kultura batean? Zalantzarik gabe, gure kulturak antsietatea zabaltzeko eta kutsatzeko aukera ederrak eskaintzen ditu. Eta sinestedunak pentsa lezake bere fedea txertorik onena dela antsietatearen pandemia honetan.
Gaurko testuan, Jesusen entzule guztiak sinestedun peto-petoak dira; profetaren ahotik ziurtasuna espero dute nonbait, hots, bere bizimodua babestuko duen hitz irmoa eta lasaigarria.
Baina, antza denez, Jesusek ziurgabetasuna dakarkie sinestedun zintzo horiei, beren mundu ziurra zalantzan jartzen duen neurrian. “Gaur bete da”; Jainkoaren agintzaria gauzatzeko baldintzak, ordea, oso bereziak dira: periferia eta ahultasuna.
Sareptako alarguna eta Naaman judu fedetik kanpo bizi dira. Alarguna, egoera horretan, hutsaren hurrengoa da, heriotza itxarotea baino ez zaio geratzen. Naaman legenarduna da, bere azkenetan dago.
Beharbada, gu ziurtasunen bila gabiltza nahitaez, baina gure ziurtasunak oztopo izan daitezke Jainkoaren agintzari harrera egiteko gure baitan. Beste modu batean esanda, Jainkoaren agintza oso arriskutsua izan daiteke gure ziurtasun nahiei begira.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.