HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Urtarrilak 29

Egun hartan, ilunabarrean, Jesusek esan zien ikasleei: «Goazen itsasoaz bestaldera» Jendea utzi eta ontzian eraman zuten Jesus, zegoen bezala. Beste ontzi batzuek ere jarraitu zioten. Horretan, haize-bolada zakarra atera zuen, eta olatuek ontzia jotzen zuten, ia urez betetzeraino. Jesus, berriz, txopan lo zegoen, buruko baten gainean.

Esnarazi eta esan zioten: «Maisu, ez al dizu axola gu galtzeak?» Hark, esnaturik, haserre egin zion haizeari, eta itsasoari esan: «Hago isilik! Geldi!» Gelditu zen haizea, eta barealdi handia egin zen. Jesusek esan zien: «Zergatik beldur hori? Ez al duzue oraindik sinesmenik?» Beldur-ikaraz gelditu ziren, elkarri esanez: «Nor ote dugu hau, berak esana egiten baitute haizeak eta itsasoak ere?»

Markos 4, 35-41.

Erreinuaren parabolak juduen itsas hegian azaldu ditu Jesusek, hots, hegi ezagunean, sinestedunen lurraldean (nahiz eta, azkenean, hain sinesteduna ez den).

Parabola horiek beste mundu baten oihartzuna dute, beste itsas hegi batena, juduen munduarekin, ohiko munduko logikarekin kontraesanean dagoena.

Ezin daiteke egon bi itsas hegietan aldi berean. Jesusen hitzak beste aldera joateko gonbita egiten digu, gure ziurtasunak alde batean utzita.

Posible den beste mundu berri hori gure ahaleginen emaitza bezala ulertu dezakegu, gure borondatearen eta ongi egitearen fruitu. Gure ekintza eskatzen du, baina horretan geratuz gero, gureak egin du.

Gaurko hitzak gogoratzen digu beste itsas hegi hori ez dagoela gure eginahalen esku, gure indarrez eta gaitasunez harago baizik. Jesus ez da printzipio etiko bat, maisu etikoa, zeinen irakaspenei leialtasunez jarraituz beste mundu bat lortzen dugun (kasu horretan Jesus lotan dago).

Jesus harreman bizia da, bizitza guztia egituratzen duen harremana. Soilik harreman horretan gure bizia oinarritzen badugu, beste itsas hegira heltzeko gai izango gara, bidaiako haize-boladek eta olatu ikaragarriek irentsiak izan gabe.

Luzio Uriarte

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.