HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Urtarrilak 27

Aldi hartan, Jesusek esan zion jendeari: «Lakaripean edota ohe azpian ipintzeko pizten ote da kriseilua? Ez ote da argimutilaren gainean ipintzeko pizten? Izan ere, ez dago ezer gordea agertuko ez denik, ezta ezkutuan ere argitaratuko ez denik. Entzuteko belarririk duenak, entzun beza!» Beste hau ere esan zien: «Kontu izan nola entzuten duzuen! Zuek zein neurritan entzun, neurri berean emango dizue Jainkoak, eta gehiago ere bai. Izan ere, duenari eman egingo zaio; ez duenari, ordea, duen apurra ere kendu»

Markos 4, 21-25.

Gaurko testuak erreinuaren logika oso bitxia dela seinalatzen digu, kontrakulturakoa oso.

Beharbada, sinbolo nagusia argiarena da (kriseiluaren funtzioa argitzea baita). Argiari esker, objektuen forma, mundu koloretsua eta lagunaren aurpegia antzematen ditugu. Argirik gabe, dena da formarik gabekoa, dena berdin, dena ilun, eta lagun hurkoaren aurpegia desagertu egiten da. Bibliako mundu sinbolikoan, ordea, argiak beste esanahi bat du: eskuzabala izatea (Mt 6, 22-23). Pertsona argia da bere bizia eta bere ondarea eskuzabaltasunez partekatzen dituena. Erreinuaren logika, hain zuzen ere, eskuzabaltasunez partekatzean datza. Zenbat eta doakotasunez gehiago partekatu, hainbat eta gehiago jasoko da Jainkoaren erreinua.

Eskuzabaltasuna bada gure neurria, erreinua orduan eta handiagoa izango da gure baitan eta gure artean.

Kontrako dinamika da argia ezkutatzea, hots, zikoitz eta zeken izatea (esku itxia); orduan, bereganatzen den guztia usteltzen da. Hortaz, eskuzabal “denari eman egingo zaio; (eskuzabal) ez denari, ordea, duen (argi) apurra ere kendu”.

Luzio Uriarte

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.