HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Urtarrilak 26

Aldi hartan, Jesus berriz ere irakasten hasi zen itsasertzean. Eta hainbeste jende bildu baitzitzaion ondora, uretan zegoen txalupa batera igo eta bertan eseri zen. Jende taldea, berriz, lehorrean zegoen, itsasbazterrean. Gauza asko irakatsi zien parabola bidez hitz eginez.

Honela ari zitzaien bere irakastaldian: «Entzun! Behin batean, irten zen ereilea hazia ereitera. Ereitean, zenbait ale bide-bazterrean erori zen, eta txoriek etorri eta jan egin zuten. Beste zenbait harri artean erori zen, lur handirik ez zen lekuan, eta, axaleko lurra izanik, berehala erne zen; baina eguzkiak jo orduko, erre egin zen eta, sustrairik ez zuelako, ihartu. Beste zenbait ale sasi artean erori zen, eta sasiek, haztean, ito egin zuten hazia eta ez zuen fruiturik eman. Gainerakoak lur onean erori ziren, eta erne, hazi eta fruitua eman zuten: bateko hogeita hamar, hirurogei nahiz ehun» Eta ohar hau egin zien Jesusek: «Entzuteko belarririk duenak, entzun beza!»

Bakarrik gelditu zirenean, Hamabiekin batera berarekin zebiltzanek parabolen esanahiaz galdetu zioten Jesusi. Eta honek esan zien: «Zuei eman zaizue Jainkoaren erreinuaren misterioa ezagutzea; kanpokoei, ordea, dena parabola bidez ematen zaie, Liburu Santuak dioena bete dadin: “Begiratzen dute, bai, baina ikusten ez; entzuten dute, baina ulertzen ez; horrela, ez dira Jaunagana bihurtzen eta ez zaie barkatzen”»

Eta esan zien gainera: «Parabola hau ez duzuela ulertzen? Nola ulertuko dituzue, orduan, gainerako parabola guztiak? Ereileak hitza ereiten du. Hitza ereitean, batzuk “bide-bazterra” bezalakoak dira: entzun bezain laster, Satanasek etorri eta haiengan erein den hitza kendu egiten die. Beste batzuk “harri artea” bezalakoak dira: hitza entzutean, berehala pozik hartzen dute; baina sustrairik gabeak eta iraupen txikikoak izanik, hitza dela-eta estutasun nahiz erasoaldiren bat sortu orduko, huts egiten dute. Beste batzuk, berriz, “sasi artea” bezalakoak dira: entzuten dute hitza, baina mundu honetako ardurak, diru-gosea eta bestelako grinak nagusitzen zaizkie eta hitza ito egiten diete, fruiturik gabe utziz. Eta hona nor diren “lur ona” bezalakoak: hitza entzun, onartu eta fruitua ematen dutenak: bateko hogeita hamar nahiz hirurogei nahiz ehun»

Markos 4, 1-20.

Hitza eta Jainkoaren erreinua dira narrazioaren protagonista nagusiak.

Hitzak, Jesusen bizitzak, giza historiaren sekretua agerian jartzen du, giza bizitzaren gatz eta piperra.

Itsas bazterra da eszenatokia. Itsasoa, Jesusen atzealdean. Jesusek jendeari begiratzen dio; jendearen aurrean, Jesus da irudia eta itsasoa (arriskuaren sinboloa), hondoa. Itsasoz bestaldera, paganoen lurrak. Jainkoaren erreinuaren barrunbeak, paraboletan eta txalupa xume batean aldarrikatuak. Azalpen horiek amaituta, Hitza jaso eta berenganatu dutenak giza historiaren itsasoan murgiltzera gonbidatuak izango dira.

Hitza, euria bezala, ari du doakotasunez etengabeki giza historiaren soroan. Lur guztiak, ordea, ez daude prest hitzari harrera egiteko. Axaleko lurrean Hitza ihartu egiten da; Hitza, bizitzaren erdigunea ez bada, desagertu edo ito egiten da. Lurra prest dagoenean, fruitua emankorra da. Hitzak ez dio erreparatzen kantitateari; berdin da bateko hogeita hamar edo hirurogei edo ehun eman. Hitza jaso eta heldu duen bizitzak bere itsas hegia utziko du eta, giza sufrimenduaren itsas zabalean ausartuz, Jainkoaren erreinua egia bihurtuko du giza historian.

Luzio Uriarte

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.