HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Urtarrilak 25

Aldi hartan, Jesus Hamaikei agertu eta esan zien: «Zoazte mundu guztira eta hots egin Berri Ona izaki guztiei. Sinetsi eta bataiatzen dena salbatuko da; sinesten ez duena, berriz, kondenatuko. Sinesten dutenek seinale hauek izango dituzte lagun: nire izenean deabruak botako dituzte, hizkuntza berrietan mintzatuko dira, sugeak eskuetan hartuko dituzte eta, edari hilgarriren bat edanda ere, ez die kalterik egingo; gaixoei eskuak ezarriko dizkiete eta sendatu egingo dira».

Markos 16, 15-18.

Gizaki guztiok sufrimenduaren bizipena dugu, baita sufrimenduari diogun izuarena ere. Sufrimendua gaitzaren aurpegietako bat da. Naturak berak dakar bizia baita, aldi berean, gaitza ere: lurrikarak, izurriteak, uholdeak, ume jaio berria galdu duten gurasoen egoera. Baina naturak berak adina sufrimendu edo gehiago eragiten du gizakion ekintzak. Gizadiari odola dario eta zaurituak gizabanakoak gara. Gaixotasuna gainditzea desira bizia eta sakona da, bai gizadiaren historian, bai gizabanakoaren biografian.

Gaurko hitzean bi aditz (ekintza) daude desira bizi horri lotuta: “salbatuko dira” eta “sendatu egingo dira”. Euskarazko testuan, gainera, sendatu galdegaia da. Jesusen agintza, hain zuzen ere, osasuna da. Jesusek eskaintzen digun harremanak (sinesmena, preseski, harreman bat da) behin betiko osasunaren agintza dakarkigu.

Hala ere, hau guztia txarto ulertu dezakegu. Interpretatu dezakegu sinesmena eta bataioa talismanak direla, gaitza eta izua saihesteko elementu magikoak. Jesusen logika alderantzizkoa da. Doakoa da haren harreman-eskaintza eta harreman mota hori da osasuna dakarrena. Harreman hori bizi duenak sinesten du eta sinesmenaren seinale eraginkorra da bataioa.

Giza historia zaurituan sendatzea baino beste misiorik ez dugu Jesusen jarraitzaileok!

Luzio Uriarte

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.