HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Urtarrilak 24

Aldi hartan, Jerusalemdik jaitsitako lege-maisuek hau zioten Jesusi buruz: «Beeltzebul dauka honek barruan», eta «Deabruen buruzagiaren indarrez botatzen ditu honek deabruak» Jesusek beregana deitu eta parabola hauen bidez hitz egin zien: «Nola bota dezake Satanasek Satanas? Bere baitan zatiturik dagoen erreinuak ezin du iraun. Bere baitan zatiturik dagoen familiak ezin du iraun. Era berean Satanasek ere, bere buruaren aurka jaiki eta zatiturik baldin badago, ezin du iraun; harenak egin du. Ez daiteke inor sartu indartsu baten etxean lapurretara, aldez aurretik hura lotzen ez badu; orduan, bai, harrapa ditzake haren etxeko ondasunak. Benetan diotsuet: Dena barkatuko die Jainkoak gizakiei, bekatuak eta esan litzaketen birao guztiak; baina Espiritu Santuaren aurka birao egiten duenak ez du sekula barkamenik izango; errudun izango da betiko» Espiritu gaiztoa zeukala ziotenei erantzun zien hau.

Markos 3, 22-30.

Norbait “errudun betiko” izango dela esatea gogorra eta onartezina da gure kulturan. Zelako Jainko epaile maltzurra eta gupidagabea!

Testua liskarraren ingurumarian kokatuta dago.

Jarri dezagun testua, ordea, gure ohiko harremanen koordenadetan.

Harremanen bidez eratzen da gure identitatea, nor garen, nora goazen; harremanak dira gure bizitzaren gatza, gure zeru hurbila, baita infernu beldurgarria ere. Jesusek egiten duen mirari nagusia hau da: gu mugitzea gure ondasunak eta gure bizia partekatzera. Ikusmena berreskuratzea, herrena berriro ibili ahal izatea, elbarria bere kabuz mugitzea, gatibua askatzea, ogia banatzea eta antzekoak Jesusen espiritu gupidatsuarekin lotuta daude.

Horiek guztiak seinaleak dira, gure harremanak erreinuaren logikan taxutu ditzakegula adierazten diguten seinaleak, Espiritu Santuaren presentzia eta indarra.

Satanas edo deabrua (etimologikoki, bereizten duena, harremanak urratzen dituena) beste logika batean dago: begiratu zure zilborrari! Besteei gertatzen zaiena, zuri bost! Norbere interesen arabera ondasunak metatzea bilatzen duenak ez du onartzen Jesus mugitzen duen Espiritua eta giza harremanetan sekulako urratuak sortzen ditu. Horren erantzulea da betiko. Bihotza aldatu ezik, sufrimenduaren errudun da giza historia honetan. Ez da Jainkoaren epaiketa, bakoitzaren aukera askearen fruitu usteldua baizik.

Zein da gure bizitza bultzatzen duen espiritua?

Luzio Uriarte

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.