HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Urtarrilak 23

Teofilo agurgarria: Askok ekin dio gure artean izan diren gertakarien historia idazteari, hasieratik begizko testigu eta gero Berri Onaren predikari izandakoek jakinarazi digutenaren arabera. Neuri ere ongi iruditu zait dena bere harian zuretzat idaztea, hasieratik guztia zehatz-mehatz aztertu ondoren, hartu dituzun irakaspenak zein finkatuak dauden ikus dezazun.

Jesus, Espirituaren indarrez, Galileara itzuli zen, eta haren izena lurralde hartan guztian zabaldu zen. Hango sinagogetan irakasten zuen, eta denek goresten zuten. Jesus Nazaretera, bera hazi zen herrira, joan zen, eta larunbatean sinagogan sartu, ohi zuenez, eta zutik jarri zen irakurgaia egiteko. Isaias profetaren liburua eman zioten eta, irekitzean, pasarte hau aurkitu zuen: «Jaunaren Espiritua nire gainean dago, hark gantzutu bainau, behartsuei Berri Ona emateko. Gatibuei askatasuna eta itsuei ikusmena hots egitera bidali nau, zapalduei askatasuna ematera, Jaunaren onginahi-urtea hots egitera» Liburua bildu ondoren, laguntzaileari eman eta eseri egin zen. Denak sinagogan begira-begira zeuzkan. Jesus honela hasi zitzaien: «Gaur bete da orain entzun duzuen Liburu Santuko hitz hau»

Lukas 1, 1-4; 4, 14,21.

Harrigarria da nola agertzen den Jainko Aita-ama gizadiaren historian!

Erromatar inperioa, giza zibilizazioaren eredua, giza garapenaren gailurretakoa. Erromatar inperioan, erdi edo goi mailako heziketa zuen herritar bati galdetu bagenio juduen erlijioari buruz, seguru zerbait jakingo zukeela: mila erlijioren artean, ekialdeko bitxienetako bat. Eta Nazareteko herrixkaz galdetuta, seguru asko, ideiarik ez; eta Nazareteko profetari buruz, are gutxiago: Erromatar kultura ikusgarrian Jainkoaren presentzia ikusezina.

Jainko Aita-amaren Espirituak bazterretara bultzatzen du Jesus, Nazaret herrixka ikusezinera, non haren ahots profetikoa ur gardena den. Hortaz, gatibuen, itsuen, zapalduen, oro har, bertan behera utzitako gizadi baliogabetuaren alde jartzea da Jainko Aita-amarekin topo egiteko modua. Erromatar jakindurian, berriz, erokeria hutsa.

Harrigarritasun hori dago gure fedearen muinean. Horren oihartzuna lekukoen eskutik heldu zaigu, gure aurreko eta gure arteko lekukoei esker topo egin baitugu Jainko Aita-ama handi horrekin Jesusengan.

Jainkoaren gogoa den Jesusekin topo egiteko, utz diezaiogun Espirituari bazterreko Nazaretera eraman gaitzan! Eta horren lekuko bihurtuko ahal gara!

Luzio Uriarte

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.