HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Urtarrilak 21
Aldi hartan, Jesus mendira igo zen, berak nahi izan zuenei dei egin zien, eta haiek hurbildu egin zitzaizkion. Hamabien taldea eratu zuen, berarekin bizitzeko eta Berri Ona hots egitera bidaltzeko; eta deabruak botatzeko ahalmena eman zien. Hamabi hauek aukeratu zituen: Simon –honi Pedro izena ipini zion–, Santiago Zebedeorena eta Joan, Santiagoren anaia –hauei Boanerges izena ipini zien, hau da, «Trumoi-kume»–, Andres, Felipe, Bartolome, Mateo, Tomas, Santiago Alfeorena, Tadeo, Simon Zelote eta Judas Iskariote, Jesus saldu zuena.
Markos 3, 13-19.
Gaur egun sinesten duguna, gure Eliza, Jesusen Berri Ona hor eta horrela hasi ziren. Jesus aurreratu zen eta egun ere aurreratzen da. Berak deitu zituen bere ikasle eta lehendabiziko jarraitzaileak izatera deituak izan zituen horiek. Lehengo urratsa Jesusek ematen du, bai, baina, horrekin batera, ikusten da nola hastapenetik bertatik bere egitasmoa partekatzeko zuen. Ez zuen bere bakarrean hasi. Hasi bezain laster konfiantza osozko familia bat sortu zuen ikasleekin. Halaxe ere nahi du gurekin ere.
Deituak dituen horiek ez dira segika baino ibiliko zaizkion bigarren mailako jarraitzaile hutsak izango. Berarekin, bere egitasmoarekin, bat-bat eginik nahi ditu, berarekin batera jardutetik segitzen den duintasun ezin altuagoaz; “…berarekin bizitzeko eta Berri Ona hots egitera bidaltzeko; eta deabruak botatzeko ahalmena eman zien”. Gaur egun bere jarraitzaileok, kristauok, duintasunez Berak goratuak gara.
Azkenik, Jesusen ibilbide-hasiera dugun honetan, gerora eta beti gure sinismenean presente izan behar dugun muin-muineko ezaugarri bat dago. Jesusek, hasieran hamabi zehazki, hamabi horiek deitu zituen, ez hala-holako jende-multzo bat; eta Jesusek bere izen propioz deitu zuen bakoitza, aurrez aurre, nor bakoitza banan banan, aurrez aurre eta bere izenez, honela nolabait adierazi nahirik-edo, Jesusek gu, zu, ni, nahi gaituelako, gure nortasun propioarekin, norbera den hori eta den modu-modukoa izateagatik. Bakoitzak bere izenez leku bat izango du Jainkoaren Proiektu Handian.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.