HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Urtarrilak 20

Aldi hartan, Jesus itsasbazterrera joan zen bere ikasleekin. Galileatik etorritako jendetza handiak jarraitu zion. Eta, berak egiten zituenak entzunik, Judea, Jerusalem eta Idumeatik, Jordanez bestaldetik eta Tiro eta Sidon aldetik ere jendetza handia bildu zitzaion. Jesusek txalupa prest edukitzeko agindu zien ikasleei, hainbeste jenderen artean zapaldu ez zezaten. Izan ere, asko zituen sendatuak, eta gaitzen bat zuten guztiak gainera zetozkion, ukitu nahian. Espiritu gaiztoek, ikusten zuteneko, haren oinetara erori eta oihuka esaten zioten: «Jainkoaren Semea zara Zu» Hark, ordea, zorrotz agintzen zien, ez emateko ezagutzera.

Markos 3, 7-12.

Jesus, besteak beste, mirarien bidez hitz egin zigun. Seinale adierazgarriak izan ziren mirariak, Berataz, bere zer nolakoaz, bere mezuaz, gizarteko baztertuenen eta  gehien sufritzen dutenen aldeko bere hautuaz mintzo zaigunak. 

Jesusek mirarien bidez asetzen du eta, horietariko gehienetan sendatzen du, bekatuak garbitu, espiritu gaiztoak erausten ditu eta garrantzizkoena, hau dela edo bestea dela tarteko, sufritzen duena bere sufrimenduzko egoeratik aterarazten du. Horregatik, hain justu, du horrenbesteko jendetza bere atzetik segika, berarekin egon nahian.

Dena den, badakigu beste pasarteengatik askotan Jesusek ezin duela segika duen jende guztiari arreta eskaini. Askotan ere, erdi ziztuan alde egiten du bakardadera edo beste herrietara Berri Ona hots egiten jarraitzera. Horrelakoen aurrean, ezin esan inondik inora Jesusek abandonatzen duenik edota inorekiko axolagabe denik.

Jesusek ez digu ziurrenik unean uneko behar eta arazo errealei konponbide erraza emango. Bera ez da trikimailu polit eta magikoak eginez, bizitza errez eta eroso egingo diguna.

Alabaina, Berarekin egonda, Bera ondoan sumatuta, ditugun zailtasun biografikoak, existentzialak, Berarekin partekatuta, beroiek bere aurrean aurkezturik, jasoko dugu Berarengandik sakoneko bakea eta lasaitua. Jesus egunean egunean aritu daiteke gure baitan mirariak eginez, Berarengan konfiantzaz oin harturik, eguneroko errealitateko zailtasun eta oztopoetatik bista altxa eta itxaropenezko zerumuga batera zuzendu dezakegun bakoitzean hain justu ere. Hori da zinezko miraria, Berarenganako fede eta itxaropena.

Igor Goitia

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.