HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Urtarrilak 18
Behin batean, larunbatez gari-soroetan barna zihoazen Jesus eta ikasleak; bidenabar galburuak mozten hasi ziren. Fariseuek esan zioten Jesusi: «Nolatan ari dira egiten, larunbatez zilegi ez dena?» Hark erantzun: «Ez al duzue inoiz irakurri zer egin zuen Davidek beharraldi batean, bera eta bere lagunak goseak gertatu zirenean? Nola, Abiatar apaiz nagusi zelarik, Jainkoaren etxean sartu eta Jaunari eskainiriko ogiak jan zituen, legez apaizek bakarrik jan zitzaketenak, eta nola bere lagunei ere eman zien?» Eta esan zien: «Larunbata gizakiarentzat egin zuen Jainkoak, ez gizakia larunbatarentzat. Beraz, Gizonaren Semea larunbataren beraren nagusi da»
Markos 2, 23-28.
Maitasunak ez duela atsedenik hartzen erakutsiko digu Jesusek. Legea, gizakiaren mesedetan ez diharduten unetik beretik, Espirituari gailendu zaio. Espirituak ulertaraziko digu beti Legearen benetako esanahi sakon eta berorren nondik norakoa. Espiritu faltan, legalismo hutsean murgilduko gara.
Espirituak bilakarazi digu eramanerraz Legea. Ez gaituelako itsutuko hau eta bestea egin eta egin ibili behar izateak. Espirituak espiritualtasunera garamatza eta hor, hasteko eta behin, atsedena hartuko dugu. Egiteko bat eta bera, eginbehar bat, oso bestela egingo dugu espiritualtasunetik edo legalismotik. Espiritualtasunak atsedena darama betiro aldamenean, eginaren eginean sortzen den kontenplazioarekin oso lotuta dagoen atsedena.
Larunbateko atsedenerako legea, egunerokoaren abia bizia geldiarazita, Jainkoarekiko harremana bizi eta senitartekoen artean lasai egotea izango zuen xede ziur asko. Gaur egun gerta dakigukeen bezala, legeak betetzearen betetzez ahazten dugu euren zentzu eta esanahi. Hortik dator, ez soilik Jesus bera legearen gainetik jarri izana, baizik eta gizakia bera horren gainetik eta, izatekotan, horren onuradun jarri izana Jesusek.
Jesus bera da, bilakatzen da, guretzat Larunbat. Harrezkero bera dugu larunbata, nekatzen ez duen eta nekatzen ez den larunbata, atsedenik hartzen ez duen guztizko maitasuna.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.