HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Urtarrilak 17

Aldi hartan, Joan Bataiatzailearen ikasleek eta fariseuek barau-eguna zuten. Jesusengana joan eta esan zioten: «Nolatan egiten dute barau Joanen ikasleek eta fariseuek, eta zure ikasleek ez?» Jesusek erantzun zien: «Ezteietara deituek egin ote dezakete barau, senar berria berekin dutelarik? Senar berria berekin duten bitartean, ez dezakete barau egin. Etorriko zaie, bai, senar berria kenduko dieten eguna; orduan, egun hartan, egingo dute barau. Inork ez dio jantzi zaharrari oihal gordinezko adabakirik josten; bestela, adabaki berriak jantzi zaharra behartu, eta zarratada handiagoa egiten da. Ez du inork ardo berririk sartzen ere zahagi zaharretan; ardoak zahagiak lehertu egingo lituzke eta, orduan, ez ardo eta ez zahagi. Ardo berria zahagi berritan»

Markos 2, 18-22.

Bide espiritualean barau egiteko uneak  daude eta festa egiteko uneak. Barauaren esanahia festan agertzen da argienik. Festa benetan bizitako bizitzarekin lotu behar dugu hemen. Ez dago bizitza zinez bizitzerik Espirituaz ez bada. Horretarako dago bada baraua, Espirituaren kontzientzia argia lortu dezagun.

Otordu handi eta oparoak atergabe agertzen zaizkigu ebanjelioan. Beroien bidez hain justu Jesusek bizitzari goratzarra egin nahi dio. Jesusena ez da baina bizizaletasuna huts-hutsik; Berak bizia bene-benetan maite du, bere sakon-sakonean, berarekin bat-bat eginez, berarekin konpromiso erabatekoa hartuz. Jesusengan, bere mezuan, zera ikusten dugu; Espirituz bizitako bizialdia etengabeko aukeretako otordu modukoa dugula.

Sarri askotan erlijioa bizitzari, berorretan disfrutatzeari, uko egin izanarekin lotu ohi da. Jesusen espiritualtasuna baina oso bestelakoa dugu. Bizitzea bizitzarekin bat egitea dela erakutsiko digu, disfrutatzea disfrutatutako horrekin bat egitea. Horren bueltan emango dira Jesus eta fariseuen arteko eztabaida ugari. Bizitzaren eta Legearen arteko talka dago finean eta buruan eztabaida horien baitan. Erne egotera deitzen gaitu Jesusek. Bizirik eta erne dagoenak bizitzarekin bat eginda biziko da; bizitzarekin oraindik bat egin gabeak aldiz Legearen beharra izango du une oro.

Igor Goitia

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.