HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Urtarrilak 16
Aldi hartan, ezteiak izan ziren Galileako Kanan, eta han zen Jesusen ama. Jesus eta honen ikasleak ere ezteietara gonbidatu zituzten. Ardoa bukatu zen, eta amak esan zion Jesusi: «Ez dute ardorik» Jesusek erantzun zion: «Utz nazazu bakean, emakume. Nire ordua ez da oraindik etorri» Jesusen amak esan zien morroiei: «Egizue berak esango dizuena» Harrizko sei ontzi zeuden han, juduek beren garbikuntzetarako erabili ohi zituztenak, bakoitza ehun bat litrokoa. Jesusek esan zien morroiei: «Bete ontziak urez» Eta haiek leporaino bete zituzten. Jesusek berriro: «Atera orain, eta eraman mahaizainari» Eta haiek eraman zioten. Dastatu zuen mahaizainak ura ardo bihurtua, nongoa zen jakin gabe (morroiek, bai, bazekiten, berek atera baitzuten ura); orduan, ezkonberriari deitu eta esan zion: «Ardo ona denek hasieran ateratzen dute eta, jendea edanda dagoenean, txarragoa. Zuk, berriz, orain arte gorde duzu ardo ona» Galileako Kanan egin zuen Jesusek bere lehen-ezaugarri hau; honela, bere aintza azaldu zuen, eta sinetsi egin zuten harengan ikasleek.
Joan 2, 1-11.
Badirudi ezkontza bezalako ospakizun bat ez dela bere betera ailegatzen Jesus agertzen den arte. Festan ardoa falta zuten, Bere, Jesusen, falta zeukaten, bihotza zabaldu eta abian jarriko zuen Espiritua falta zuten han.
Ardoa, baina, ez dator, ez da hala moduz ekarria. Horren falta, horren gabezia, Mariak sumatu behar izan zuen. Maria da gabezia, hutsunea, sumatu eta igartzen duena. Haren inozentzia garbiak, haren birjintasunak, abiarazi nahi du festa (“egizue berak esango dizuena”). Maria gabe ez dago Kristo. Onartu eta aitortu behar dugu espiritu faltan gaudela, eta behin hori eginda, eskatu, eskatu berorren etorrera.
Mariak Jesusen gizakunde biologikoa ahalbidetu zuen bezalaxe, hemen bere alde espiritualari ireki nahi dio atea. Jesusek nolabaiteko itxurazko edo hasierako bazter egote bat erakusten du (“utz nazazu bakean, emakume…). Bere ordua urrun egonik, egoeraren aurrean bere “oraindik ezer ez egiteari” eutsita-edo. Berriz ere, Mariaren iniziatiba, haren eskariak hartzen du guztizko lehentasuna hemen. Izan ere, Jesus ez doa gertakariak, errealitatea, bere berean suertatzearen kontra, ez gaitu baldintzatzen, hor dago beti, hor dago bere grazia nahi duenerako lagungarri, baina geuk eskatu behar dugu, geurez hurbildu behar gatzaizkio.
Azkenik, testu honen irudi ezin ahaztuzkoa azpimarratu nahiko nuke. Jesusen espirituaren indarrak gainezka egiten du. Zerumugan bere maitasuna ezin gaindituzkoa jartzen die ezkontideei zein bere senitarteko eta lagun minei; ur hutsetik sorturiko ardo on gisa eta, hori gutxi ez, eta ontziak leporaino beteak izateko adinako neurrian.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.