HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Urtarrilak 15

Aldi hartan, Jesus itsasaldera atera zen berriro. Jende guztia berarengana zihoan, eta irakasten hasi zitzaien. Bidez zihoala, Lebi Alfeorena ikusi zuen, zergak biltzeko mahaian eseria, eta esan zion: «Jarrai niri» Lebik zutitu eta jarraitu egin zion. Geroago, Jesus mahaian zegoen Lebiren etxean; bazen beste zergalari eta bekatari asko ere Jesusekin eta honen ikasleekin mahaian; izan ere, asko zihoazkion ondoren.

Fariseuen arteko lege-maisu batzuek, bekatari eta zergalariekin jaten ari zela ikustean, esan zieten ikasleei: «Nolatan jaten du zergalari eta bekatariekin?» Hori aditzean, Jesusek esan zien: «Ez dute osasundunek behar sendagilea, gaixoek baizik; ez naiz zintzoei dei egitera etorri, bekatariei baizik»

Markos 2, 13-17.

Jesusentzat duin ez garela uste dugunean, egin du jada erro gugan bere presentziak. Iniziatiba, aurretiazko gonbita, beti Berea izango da. Berez, ez gara inor Jesusengana hurreratzeko; aldi berean baina, horretarako duin bihurtzen gaitu; horretan datza bere handitasuna. Beragan zinez sinestea da mirari horretarako atea.

Bihotz apaltasuna dugu aurre-baldintza Jesusen mezuak, bere presentziak, haren espiritu sendagarriak eraldatu eta barne-hartu gaitzan. Benetako barne apaltasunak eramaten gaitu Berari harrera zintzo eta egiazkoa egitera. Berari jarraitzea Berak har gaitzan uztea da, eta, hortaz, Berak aurrez gurekin egindakoari segida ematea.

Apaltasunerako deia muin-muinekoa da Jesusekin bat egin ahal izateko, hemen zeharka, edo esan gabe-edo, agertzen bazaigu ere; izan ere, nola ulertu bere esanahi sakonean «Ez dute osasundunek behar sendagilea, gaixoek baizik; ez naiz zintzoei dei egitera etorri, bekatariei baizik»? Ba al dago zinez osasuntsurik? Ba al dago zinez bekatu gabekorik? Edota bestela formulaturik, ba al legoke Jesusen beharrik izan ez, beregaina litzatekeenik? Ez al zaigu Jesus esaten ari “osasundun”, “bekatugabe” direlako horiek, beren handiustean, euren burua jainkotu dutela?

Igor Goitia

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.