HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Urtarrilak 14

Zenbait egunen ondoren, Jesus Kafarnaumen sartu zen berriro, eta etxean zegoeneko berria zabaldu zen. Bildu zen jendetzarekin ez zegoen inon tokirik, ezta atarian ere. Eta mezua adierazten zien. Hartan, elbarri bat ekarri zioten lau lagunen artean. Baina jendetzagatik ezin zuten eraman Jesusenganaino. Orduan, bera zegoen parean etxe-gaina zulatu eta zulotik behera eraitsi zuten elbarria, etzanik zegoen ohatilan. Jesusek, haien sinesmena ikusirik, esan zion elbarriari: «Seme, barkatuak dituzu bekatuak!» Baziren han eserita lege-maisu batzuk, eta hau zioten beren baitan: «Zer ari duk hau horrela? Biraoka ari duk. Nork barka zitzakek bekatuak, Jainkoak berak izan ezik?» Baina Jesusek bere barruan haien gogoetei igarri eta esan zien: «Zergatik dituzue gogoeta horiek zeuen baitan? Zer da errazago, elbarriari “barkatuak dituzu bekatuak” esatea ala “jaiki, hartu ohatila eta zabiltza” esatea? Orain ikusiko duzue, bada, Gizonaren Semeak baduela mundu honetan bekatuak barkatzeko ahalmena.

Eta esan zion elbarriari: “Zuri diotsut: Jaiki, hartu ohatila eta zoaz etxera”» Berehala jaiki, ohatila hartu eta guztien aurrean atera zen. Denak harriturik gelditu ziren, eta Jainkoa goresten zuten, esanez: «Ez dugu sekula horrelakorik ikusi»

Markos 2, 1-12.

Fedearen bizipen komunitarioa da azpimarratzekoa hemen. Lau pertsonen artean eramana zen elbarria Jesusengana. Ez arrakasta handiz, zegoen jendetzagatik. Hori horrela, seguruenera beste zenbait elkartuko zitzaien, zenbaitzuen trebezia handia beharko zen-eta teilatua eta guzti zulatzeko. Topaketa, hortaz, bitarikoa da: elbarria eta Jesusen artekoa, bat; eta bertaratu zutenena bigarrena. Zeuden horien guztien sinesmenak, Jesusen bitartez, sendarazi zuen elbarria.

Zinez da oso esanahitsua egoerari darion sakontasuna. Izan ere, teilatu apurtze delako hori ez al da aldagarria gure bihotza irekitzearekin, Jesusengana hurbiltzea eragozten diguten uzkurtasun eta defentsa mekanismo guztiak eraistearekin?

Hemen ebanjelioa, zuzen eta laburra izate aldera-edo, motz gera daiteke. Honelako norbere zabaltze eta bihotz-irekitzeak ez dira-eta egun batetik besterako bat-bateko aldaketak. Norbere barne aldaketak, Espirituak lagunduta ere, egunean eguneko lan saiatu eta tematua eskatzen du, behin eta berriz gure babes-oskolak apurtuaz, gure isiltasunaren sakonak Jesusengana bideratu eta altxaraziko gaituelarik.

Azkenik, beste hainbatetan bezala, Jesusen Hitz sendagarria jartzen zaigu hemen erakutsian. Gorputz eta arima batez eginiko errealitatea garela agerian jarrita. Jesusek arima artatzen dio aurrena elbarriari, bekatuak barkatuaz hain justu. Agian elbarriak gorputzekoa izango zuen kezkarik nagusiena; halere, sendatu bazuen ere gerora, badirudi hemen Jesusek aurre hartu dakigukeela eta askotan gutaz geuk baino gehiago jakin dezakeela.

Igor Goitia

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.