HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Urtarrilak 13

Aldi hartan, legenardun bat etorri zitzaion erreguka Jesusi eta, belaunikaturik, esan zion: «Nahi baduzu, garbi nazakezu» Jesusek, errukiturik, eskua luzatu eta ukitu zuen, esanez: «Nahi dut, izan zaitez garbi» Orduan bertan alde egin zion legenak, eta garbi gelditu zen.

Jesusek bidali egin zuen, zorrotz aginduz: «Kontuz gero! Ez esan inori ezer. Baina zoaz, agertu apaizagana eta eskaini garbikuntzaren ordainez Moisesek agindutakoa, ezaugarri izan dezaten» Hura, ordea, atera zeneko, gertatua hots egiten eta zabaltzen hasi zen oihuka, eta harrezkero ezin zen Jesus inongo herritan agerian sartu, eta kanpoan gelditzen zen, leku bakartietan. Hala ere, edonondik zetorkion jendea.

Markos 1, 40-45.

Jesusen, Berri Onaren, ahalmen sendagarria jartzen digu erakutsian berriz ere pasarte honek.

Honakoak odoljarioa zuen emakumearen pasartea ekar diezaguke gogora. Lerro hauetan, odoljarioko emakumearenean bezala, fedetik segitzen den irrika zein bultzada ikusten ditugu batetik, eta, bestetik, horrek Jesusen Egian hartzen duen indar eraldatzailea.

Odoljarioko emakumeak zioen berekiko: “jantzia bederen ukituko banio, sendatuko nintzateke”. Hemen aldiz, fedearen indarrak zuzen-zuzenean Jesusi, aurrez aurre, mintzatzera bultzatzen du, “nahi baduzu, garbi nazakezu” esanda. Fedearen erdiguneko bi dimentsio edo osagaiak ikus ditzakegu hemen:

-Konbikzioa, batetik, argi dauka-eta legenardunak Jesusek garbi dezan duen ahalmen edo gaitasuna.

-Eta apaltasuna, bestetik, eskaera egiteko moldean bertan antzeman daitekeen keinua, Jesusi “nahi baduzu” adierazten dion aldetik. Nonbait-edo argi erakusten du legenardunak, bera horretarako duina edota horren hartzekodun ez delakoan, Jesusengan uzten duela azken erabakia.

Esandako hori fedearen indarra edo bultzadari legokioke. Baina fedearen ifrentzuan bere bizi-emankortasuna izango genuke. Fedea emankorra da, bizi-emailea da; Ebanjelioko “Eskatu eta emango zaizu” edota “bilatu eta aurkituko duzu”, hemen, ezin argiago ikus ditzakegu. Jesusenganako fedeak jartzen gaitu jada sendatze-bidean. Fedeak bultzatzen gaitu Jesusengana, askotan erreparatu gabe hurbiltzen lehena Bera izan dela, hain justu ere, gure baitan bultzagarri dugun fede hori erein izanda aldez aurretik.

Igor Goitia

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.