HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Urtarrilak 12

Aldi hartan, Jesus sinagogatik atera eta Simonen eta Andresen etxera joan zen zuzenean, Santiagorekin eta Joanekin. Simonen amaginarreba oheratua zegoen sukarrarekin; berehala, hartaz hitz egin zioten Jesusi. Joan zitzaion Jesus ondora, eskutik hartu eta jaikiarazi zuen. Sukarrak alde egin zion, eta zerbitzatzen hasi zitzaien. Arratsean, eguzkia sartu ondoren, gaixo eta deabrudun guztiak eraman zizkioten Jesusi. Herri guztia bildu zen atarian. Eta hark gaixo asko sendatu zuen, edozein zela ere haien gaitza, eta deabru asko bota zuen.

Deabruei ez zien uzten hitz egiten, bazekiten-eta nor zen. Goizean goiz, artean ilun zegoela, Jesus herritik atera eta bazter bakarti batera joan zen; han otoitzean ari zen. Simon eta lagunak Jesusen bila hasi ziren eta, aurkitzean, esan zioten: «Jende guztia zure bila dabil» Hark, ordea, erantzun: «Goazen beste norabait, inguruko auzoetara, horietan ere Berri Ona hots egitera, horretarako atera bainaiz» Hala, Galilea guztian barna ibili zen, hango sinagogetan Berri Ona hots egiten eta deabruak botatzen.

Markos 1, 29-39.

Pasarte honetan Jesusen presentzia sendagarriarekin ere egiten dugu topo. Oro har bere esanahi sakonean ulerturik, honakoan fisikoki egindako mirari gisa badagerkigu ere.

Zentzu bikoitza ikus dakioke egindako egintza honi; bateko, egindako miraria den aldetik, seinale dugu, Jesusek, Jainkoaren Seme gisa, duen ahalmena erakutsian jartzea; besteko, mirari honen edukia, ezaugarriak eta inguruabarra ikusita, zenbait ondorio atera genezake:

-“Simonen amaginarreba oheratua zegoen sukarrarekin; berehala, hartaz hitz egin zioten”. Jesus berarengana hurbildu zen. Askotan graziak dihardu eta berez, eta hasteko eta behin, ez gara gure kabuz hurbiltzen Jesusengana. Gure gurasoak, gure aurretikoak, Jesusen jarraitzaileak izan zirelako izan gara gu geu ere Jesusen aurrera ekarriak.

-“Oheratua zegoen sukarrarekin”, bere zentzu zabalean. Honako honetan gaixotasun zehatz batek jota aurkezten zaio Jesusi Simonen amaginarreba, baina denok ditugu geure arazoak, fisikoak zein psikikoak, objektiboak, baina, batez ere, subjektiboak, norbere zama existentzial eta biografikoak, baldintzatzen eta sarri askotan zamatu ere egiten gaituztenak. Gure arazo horiek, Jesusi aurkeztuak, desagerraraziak agian ez, baina bai eraldatuak, esanahiz eraldatuak izango zaizkigu, Berarekin partekatzen ditugun momentu beretik bestelakotuak.

Azkenik, lerro hauek dagerkiguten garrantzizkoena jarraiko hau dugu. Jesusen Berri Ona ez da soil-soilik momentuko arazo bat konpondu edota osasun problema bat sendatuko digun petrikilo baten formula magikoa. Ez, hemen, mirari hau Berri Onaren ahalmen guztizkoaren seinale baino ez dugu. Berri Onak pertsonaren muinean hartzen du bere guztizko indarra. Horregatik hain justu ere, nahiz eta geratu ere geratu zen hainbat eta hainbat pertsona bere sendaketaren zain, bere bila zebiltzan horiek guztiak, Jesusek bere bideari ekin behar izan zion berriz, Berri Onaren zabaltze alderako bideari, ondo jakinda atzetik zituen horiek guztiek jada bazutela sendatze bidea hartuta. Izan ere, Berarenganako fede eta itxaropena duen orok jada badu izan behar duen guztia. Zer gehiago lor edo itxaron dezake?

Igor Goitia

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.