HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapenaUrtarrilak 8
Aldi hartan, txalupatik jaitsi zenean, Jesusek jendetza handia ikusi zuen. Errukitu egin zitzaien, artzainik gabeko ardiak bezala baitzebiltzan, eta irakasten hasi zitzaien luze eta zabal.
Berandu egin zelarik, ikasleak hurbildu eta honela esan zioten: «Leku bakartia da hau eta oso berandu da. Bidal itzazu, inguruko baserri eta auzoetara joan eta jatekoa eros dezaten.» Eta Jesusek: «Emaiezue zeuek jaten!» Haiek, orduan: «Berrehun denarioren ogia erostera joango al gara, bada, hauei jaten emateko?» Baina Jesusek hau esan zien: «Zenbat ogi dituzue? Zoazte ikustera!» Ikusi eta hauxe erantzun zioten: «Bost ogi, eta bi arrain ere bai.»Orduan, jende guztia belar gainean taldeka eserarazteko agindu zien. Berrogeita hamarnaka eta ehunaka eseri ziren. Jesusek bost ogiak eta bi arrainak hartu eta, begiak zerura jasorik, bedeinkapen-otoitza esan, ogiak zatitu eta ikasleei eman zizkien, jendeari banatzeko. Bi arrainak ere jende guztiaren artean banatu zituen. Asetzeraino jan zuten denek, eta ogi- eta arrain-hondarrekin hamabi saski bete zituzten. Bost mila gizon izan ziren jan zutenak.
Markos 6, 34-44.
Markosen pasarte honen aurrean margo zoragarri baten aurrean aurkituko bagina bezala, txunditurik, orduak eman ditzakegu, izan ere hemen biltzen baitu Markosek Jesusen argazki zoragarrienetako bat.
Zertzelada batzuk baino ez: Jesus jendetzari begira, barrua asaldatua, errukiturik… Jesus irakasten, baina errukiak jotako ikasgaiak emanez… Jesus jendetzarekiko erantzunkizuna eskatuz, “emaiezue zuek jaten”: ezin baztertu erantzunkizuna aitzakiak jarriz… Jesus gure pixka hartuz, bere eginez, guk jarria bedeinkatuz… Jesus jendetza taldetan eseraraziz eta jaten emanez… Jesus bera janari bihurtua, asetzeraino, gainezka egiteraino, soberan emanez…
Nor da, baina, hau? Txunditurik begira diezaiogun margoari behin eta berriz… asetzeraino.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.