HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapenaUrtarrilak 7
Egun haietan, Joan Bataiatzailea kartzelan sartu zutela jakin zuenean, Jesus Galileara baztertu zen. Baina, Nazaret utzirik, itsasbazterrean dagoen Kafarnaumen jarri zen bizitzen, Zabulon eta Neftaliren lurraldean. Horrela bete zen Jainkoak Isaias profetaren bidez esana: «Zabulonen lurraldea eta Neftaliren lurraldea, itsasondoko bidea, Jordanez haranzko lurraldea, jentilen Galilea! Ilunpean zegoen herriak argi handia ikusi du; itzalpean bizi zirenei distira egin die argiak.» Ordutik hasi zen Jesus honela hots egiten: «Bihotz-berri zaitezte, hurbil da-eta zeruetako erreinua.»
Galilea osoan barna ibili zen Jesus, hango sinagogetan irakasten, Jainkoaren erreinuari buruzko Berri Ona hots egiten eta herrian gaitz eta eritasun guztiak sendatzen. Siria guztian zabaldu zen haren izena. Edozein gaitz eta oinazek jotakoak –deabrudun, epileptiko nahiz elbarriak– eramaten zizkioten eta hark sendatu egiten zituen. Eta Galilea, Dekapolis, Jerusalem, Judea eta Jordanez beste aldetik etorritako jendetza handiak jarraitzen zion.
Mateo 4, 12-17.23-25.
Joanen espetxeratzea Jesusen aldarriaren abiapuntu bihurtzen da. Eta Jesus ilunpetan zebilen herriaren argi bezala ageri zaigu. Eta bere aldarria oso xinplea: bihotz-berri zaitezte, hurbil da eta zeruetako erreinua!
Jesusek urte luzez sakondu du bere nortasuna, bere identitatea, bere egitekoa; eta bat-batean Jainkoaren berri emateko presa sartu izan balitzaio bezala hasi da berri ona zabaltzen, gaixoak sendatzen, unearen garrantziaz ohartarazten. Herriz herri, auzoz auzo, guztiengana iritsi nahiko balu bezala, guztiei azaldu nahiko balie bezala Jainkoarengana itzultzeak, bihotz-berritzeak zer nolako harreman berriak, zer nolako gizarte berria, zer nolako Jainko bizipen berria ekarriko liekeen.
Eta ez dezagun ahaztu: Hitz horiek guri zuzentzen dizkigu gaur.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.