HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Urtarrilak 6

Jesus Judeako Belenen jaio zen Herodes erregearen garaian. Aldi hartan Mago batzuk etorri ziren sortaldetik Jerusalemera, zera galdezka: «Non da jaioberria den juduen erregea? Haren izarra ikusi dugu sortaldean, eta hura gurtzera gatoz.» Berri honekin larritu egin zen Herodes erregea, eta Jerusalem osoa ere harekin batera. Orduan, apaizburu eta lege-maisuak bildu eta Mesias non jaiotzekoa zen galdetu zien. Haiek honela erantzun zioten: «Judeako Belenen, honela idatzi baitzuen profetak: “Eta zu, Judako Belen, ez zara, ez, Judako hirietan txikiena; zugandik aterako baita buruzagia, Israel nire herriaren errege izango dena.”»

Orduan Herodesek,Magoei isilka dei eginik,izarra noiz agertu zitzaien jakin zuen zehatz. Ondoren, Belenera bidali zituen, esanez: «Zoazte, eta jakin arduraz haurraren berri, eta, aurkitzean, esadazue, neu ere gurtzera joan nadin.» Haiek, erregeari entzun ondoren, joan egin ziren. Eta bat-batean, sortaldean ikusitako izarra aurretik jarri zitzaien, haurra zegoen lekuaren gainean gelditu arte. Izarra ikusi zutenean, berealdiko poza hartu zuten. Etxean sarturik, haurra ikusi zuten Maria bere amarekin eta, ahuspezturik, gurtu egin zuten. Ondoren, beren kutxatilak irekiz, erregaluak eskaini zizkioten: urrea, intsentsua eta mirra. Gero, Herodesengana ez itzultzeko oharra ametsetan harturik, beste bide batetik itzuli ziren beren herrialdera.

Mateo 2, 1-12.

Hau da hau konturik sakonenak kontakizun xume baten bidez adieraztearen edertasuna! Haurrak bagina bezala kontakizunak liluratu eta barnean murgiltzen gaitu. Liturgiak epifania ospatzera bideratzen gaitu, Jesus atzerriei ezagutzera eman zaien munduko argia; eta herriak, berriz, errege eguna ospatzen du, oparien eguna.

Batetik, izar batek erakutsi eta atzerritar mago hauek martxan jarri dituen Munduko Argia azpimarratzen zaigu eta, bestetik, mago hauek dakartzaten opariak.

Azpimarra genezake, baita ere, Jainkoaz dakitenek beraien liburu artean murgildurik ez dutela pausorik ematen, atzerritarrak beren lurraldea utzi eta bilaketan dabiltzan bitartean. Edota jakintsuak, boterea eta abar hiri barnean daudela, izarrik gabe, eta Jesus haurra, berriz, periferian.

Zenbat kontu, zenbat irakurketa,zenbat ikaskizun atera daitezkeen kontakizun xume honetatik!Hala ere,haurrek beraien opariak jasotzeko duten ilusio eta desioz, mago hauek bezala Jesus gurtzera makurtzen garenean hasiko gara egiazko irakurketa egiten.

Jexus Artola

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.