HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Urtarrilak 5

Aldi hartan,Jesusek Galilea aldera joatea erabaki zuen.Felipe aurkitu zuen eta hau esan zion: «Jarraitu niri.» Felipe Betsaidakoa zen, Andresen eta Pedroren herrikoa. Felipek Natanael aurkitu zuen, eta honela esan zion: «Moisesek legearen liburuan eta profetek beren idazkietan aipatu zutena aurkitu diagu: Jesus, Joseren semea, Nazaretekoa.» Eta Natanaelek: «Nazaretetik atera ote daiteke ezer onik?» Felipek: «Zatoz eta ikus!» Jesusek Natanael zetorkiola ikusi eta honela esan zuen: «Hona hemen benetako israeldarra, faltsukeriarik gabea.»«Nondik ezagutzen nauzu?» galdetu zion Natanaelek. «Felipek zuri dei egin baino lehen, pikupean ikusi zintudan» erantzun zion Jesusek. Eta Natanaelek: «Maisu, Zu Jainkoaren Semea zara; Zu Israelgo erregea zara.» Jesusek «Pikupean ikusi zintudala esan dizudalako, sinesten al duzu?’ erantzun zion. ‘Handiagorik ere ikusiko duzu!» Eta hau gaineratu zion: «Egi-egiaz diotsuet: Zerua zabalik ikusiko duzue eta Jainkoaren aingeruak gora eta behera Gizonaren Semearen gainean.»

Joan 1, 43-51.

Urteari ekin diogu Jesusen jarraipeneko pasarteen bidez, Jainkoa gurekin izatearen harridura gure bizitzaren astintzaile gerta dadila nahi bezala. Andres, Pedro, Felipe, Natanael eta beste hainbati gerta zaien bezala guri ere zirraragarri gerta dakigun. Eta ez da gutxiagorako. Izan ere, Ebanjelioa ez da pertsona mota batzuentzat, Jainkoak guztientzat izan nahi baitu bizi-iturri.

Natanael, judutar zintzo eta jakintsu –pikua jakituriaren zuhaitza– bezala ageri zaigu. Felipek deitzean, oztopoak eta mesfidantza baino ez ditu ikusten. Baina Felipek azalpenik ez dio ematen: ‘Zatoz eta ikus’, besterik ez.

Eta ikusten duenak bere pentsamolde guztiak gainditzen ditu. Ezin sartu Jainkoa gure pentsamolde kaskarrean, gure eskemetan, gure onargarrien artean. Jesusekin bat eginda aurreiritzi guztiak apurtzen ditu. “Honek harritzen al zaitu?” Benetan handiagoak ikusiko dituzu.

Jexus Artola

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.