HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Urtarrilak 4

Aldi hartan, han zegoen Joan Bataiatzailea bere bi ikaslerekin. Jesus handik igarotzen ikusirik, hau esan zien Joanek: «Horra hor Jainkoaren Bildotsa.» Bi ikasleek, hori entzutean, Jesusi jarraitu zioten. Jesusek, atzera begira eta jarraitzen ziotela ikusirik, zera gal detu zien: «Zeren bila zabiltzate?»Haiek erantzun: «Rabbi, non bizi zara?»(Rabbik «Maisu» esan nahi du). Jesusek hau esan zien: «Zatozte eta ikusiko duzue.»

Joan ziren, non bizi zen ikusi eta harekin gelditu ziren egun hartan. Arratsaldeko laurak inguru zen. Joani entzun eta Jesusi jarraitu zioten bietariko bat Andres zen, Simon Pedroren anaia. Andresek bere anaia Simonekin egin zuen topo lehenik, eta hauxe esan zion: «Mesias aurkitu dugu» (Mesias hitzak «Kristo» esan nahi du, hau da, «Gantzutua»). Eta Jesusengana eraman zuen. Jesusek, begira-begira jarririk, honela esan zion: «Simon zara zu, Joanen semea; aurrerantzean “Kefas” izango da zure izena» (Kefas-ek «Pedro» esan nahi du, hau da, «Harkaitz»).

Joan 1, 35-42.

Isilean, begiak itxiz eta guztia pausatuz, dasta dezagun Ebanjelioa. Sar gaitezen pasadizoan, senti gaitezen Joanen ikasle. Entzun diezaiogun berriro: “Horra Jainkoaren Bildotsa”. Harriduraz beterik jo dezagun Jesusengana, harri bitxi bilatzaile sutsu bezala, edozein urekin konformatzen ez den egarritua bezala,biziaren iturria dasta nahi duen samariar emakumea bezala. Eta Berari zuzenean galde diezaiogun: “Maisu, non bizi zara?”, non duzu zure bizi-iturria?, zein da zuk duzun altxorra?

Eta entzun dezagun bere erantzuna: “Zatoz eta ikusiko duzu”. Zatoz nirekin, egin ezazu bidea nirekin, eta bizia ezagutuko duzu.

Gu ere berarekin geratuko ote? Dastatuko ote guk ere Jesusi darion ur bizia? Horrela bada, orduan bai itxaroten genuena, bilatzen genuena, aurkitu dugula esango dugu. Orduan bai,gu bezala bila dabilenari ‘biziaren iturria aurkitu dut’ esateko gai izango gara.

Jexus Artola

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.