HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Urtarrilak 3

Biharamunean, Joan Bataiatzaileak Jesus beregana etortzen ikusi zuen eta hau esan zuen: «Hona hemen Jainkoaren Bildotsa, hona munduko bekatua kentzen duena. Honi buruz esan nuen nik: “Badator nire ondoren gizon bat, niri aurrea hartu didana, ni baino lehenagokoa baitzen”. Neuk ere ez nuen ezagutzen; baina ni urez bataiatzera etorri banaiz, bera Israel herriari agerrarazteko etorri da.» Eta aitormen hau egin zuen Joanek: «Espiritua ikusi dut uso-irudian zerutik jaisten eta bere gainean gelditzen. Nik ere ez nuen ezagutzen, baina urez bataiatzera bidali ninduenak honela esan zidan: “Espiritua jaisten eta gizon baten gainean gelditzen ikusiko duzu; huraxe da Espiritu Santuaz ba-taiatzen duena”. Neuk ikusi dut eta aitortzen hauxe dela Jainkoaren Semea».

Joan 1, 29-34.

Urteari ekin diogu Jainkoa gurekin dugun mezua jasoz. Eta gure asmoa Berari jarraitzea da. Joan Bataiatzaileak horrelaxe adierazi digu: Hauxe da zuek bila zabiltzatena, jarrai iezaiozue Berari. Eta “hauxe da” hori hitz gutxitan baina irudi bikainak erabiliz esan digu: “Hau da Jainkoaren Bildotsa”, Pazko bildotsa gogoratuz, judutar herria Egiptoko esklabutzatik askatua izan zenekoa gogoratuz.

Jainkoaren Bildotsak bere bizia ematen du Jainkoak dakarren askatasun seinaletzat, bere Bizia guztien bizigarri eginez. Baina bizia ematen du gainera munduaren bekatua kenduz, Jainkoarengandik urruntzen edo baztertzen gaituen oztopo oro deseginez, gizakiok Jainkoarekin eta elkarrekin lotuz, elkartasun eta senidetasun betean jarriz. Bekatuak harremanak apurtzen ditu, banandu egiten gaitu, elkarrekiko mesfidantzaz bete; baina Jesusek senidetasun- eta batasun-lokarriz Jainkoarekin bat egiten gaitu, Jainkoaren Semea baita, eta bere Espirituaz bataiatuko gaitu, Jainko Aitaren seme-alaba eginez guztiok. Bai, ezin genezakeen gure ibilbidea hobeto hasi. Joanen hatz erakusleak Jesusi begira jarri gaitu. Argi bila gabiltzanok badugu nori erreparatu.

Jexus Artola

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.