HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Urtarrilak 2

Hasieran bazen Hitza. Hitza Jainkoarekin zegoen, eta Hitza Jainko zen. Hitza hasieran Jainkoarekin zegoen. Gauza guztiak haren bidez eginak dira, eta egindakorik ezer ez da hura gabe egin. Hitzarengan zegoen bizia, eta bizia gizakien argia zen; argi horrek ilunpean egiten du argi, baina ilunpeak ez zuen onartu.

Agertu zen gizon bat, Jainkoak bidalia: Joan zuen izena. Testigu izatera etorria zen, argiaz testigantza egitera, haren bidez guztiek sinets zezaten. Hura ez zen argia, argiaren testigantza egin behar zuena baizik. Hitza zen egiazko argia, mundura etorriz gizaki guztiak argitzen dituena. Munduan zegoen eta, mundua haren bidez egina izan arren, munduak ez zuen onartu. Bere etxera etorri zen, eta beretarrek ez zuten onartu. Onartu zuten guztiei, berriz, berarengan sinesten dutenei, alegia, Jainkoaren seme-alaba izateko ahalmena eman zien.

Hauek ez dira giza odoletik sortu, ezta giza borondatetik ere, Jainkoagandik baizik. Eta Hitza haragi/gizon egin zen, eta gure artean jarri zuen bizilekua, eta ikusi dugu haren aintza,Aitagandik maitasunez eta egiaz betea datorren Seme bakarrari dagokion aintza. Joanek hartaz egin zuen aitormen, oihuka esanez: «Hau zen nik esan nuen hura: “Nire ondoren datorrena nire gainetik dago, ni baino lehenagokoa baitzen” esan nuenean.» Eta haren betearen betetik guztiok hartu dugu,maitasuna maitasunaren gain hartu ere. Legea Moisesen bidez emana zen; maitasuna eta egia, berriz, Jesus Mesiasen bidez. Jainkoa ez du inork inoiz ikusi; Aitaren altzoan dagoen eta Jainko den Seme bakarrak eman digu Haren berri.

Joan 1, 1-18.

Atzo urteari hasiera halako kontakizun eta ikuskizun ederrarekin eman bagenion, gaurko Ebanjelioak gure bizitzaren kontraesanen erdian kokatu nahi digu gertaera nagusi hori. Jainkoa gurekin, bai; argi eginez, bai; bizia emanez, bai; baina aldi berean kontrako indar guztiak asaldatuz.

Onartu dutenek badakite, bai, bizia Beragandik datorkiela, “maitasuna maitasunaren gain” jaso dutela. Baina badakite, ondo jakin ere, zenbat indar ilun ateratzen zaien betetasun hori ukatzen, malgutzen, erosotzen edo errazten saiatzen direnei.

Bai, egiaz Hitza beretarren artera etorri zaigu, baina kosta egiten zaigu atea irekitzea. Behin eta berriz Argia gurekin dugula gogoratuko diguten Joanen hitz edo adierazpen ugariren beharrean gaude, Jainko seme-alaba eginak izan garela ahaztu ez dezagun.

Jexus Artola

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.