HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapenaAbenduak 30
Aldi hartan, bazen profetesa bat Ana zeritzana, Fanuelen alaba, Aserren jatorrikoa. Urteetan oso aurreratua zen; gaztetan ezkondu eta zazpi urtez senarrarekin bizi ondoren, alargun gelditu zen, eta bazituen laurogeita lau urte. Gau eta egun tenpluan egoten zen, barau eta otoitz, Jainkoa zerbitzatzen. Ordu hartan han gertatu zen, eta Jainkoa goresten eta haurraz mintzatzen hasi zitzaien Jerusalemen askatasunaren zain zeuden guztiei.
Jesusen gurasoak, dena Jaunaren legeak agintzen duen bezala bete ondoren, Galileara itzuli ziren, beren herri Nazaretera. Haurra hazten eta indartzen zihoan, jakinduriaz betetzen ari zen eta Jainkoaren grazia berekin zuen.
Lukas 2, 36-40.
Jerusalemen, hiri-herri arketipikoaren askatasunaren profeta, Ana: graziaz betea, ongilea, errukiorra. Josu haurra dugu jaioa, gure artean, Berri On pozgarria, salbaitzaile jaio zaigu, aintza eta gorespena Jainkoari, aleluia! Ospa dezagun!
Zer askatasun mota ordea itxaroten zutena, zein itxaroten duguna? Eta zein Ana profetak “eme”ki iragarria? Bat al zetozen, bat al datoz?
Ostatu gabeko jaio zaigu, oihaletan bildurik askan, Belen-en (Bêthleḥem) “ogiaren etxea”n, ogasunik ez dutenentzako itxaropen. Horixe badaki Ana profetak, Espiritua bizi den Tenplutik egiten duelako hitz. Goi-goikoaren semea jaio zaigu, behe-behekoenen osasunerako; Maria amak jakin du aurretik eta pozarren abestu Jainko Abba askatzaile eta errukitsuaz (begirune diotenentzat):
Bere indar guztiaz jokatu du:
buru-harroak suntsitu ditu,
ahaltsuak goi-postuetatik bota
eta ezerezak gora jaso;
ondasunez bete ditu
gose zeudenak,
eta esku-hutsik bidali aberatsak
(Lk1, 51-53)
Oraindik poza nirea? Jaunaren aintzaren argiak beldur-ikara ere eragin dezake, areago profeta, eman egiten duen emakumea denean.
Antzinean, profetak harriz hil ohi zituzten. Egun, ostrazismoz, maitasun ezaz eta mespretxuz (Gabriel Aresti). χάρις “dohaia” versus potestas.
“Mariak, berriz, gertakari guztiok gogoan hartzen zituen, bere barruan hausnartuz” (Lk 2,19)
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.