HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Abenduak 28

Magoek alde egitean, Jaunaren aingerua agertu zitzaion ametsetan Joseri eta esan zion: «Jaiki, hartu haurra eta ama, eta zoaz ihesi Egiptora, eta egon han nik esan arte, Herodes erregea haurra hil nahian ibiliko baita».

Jaiki zen, beraz, Jose, hartu zituen haurra eta ama gauez eta Egiptora joan zen. Han egon zen Herodes hil arte. Horrela bete zen Jaunak profetaren bidez esandakoa: «Egiptotik etortzeko dei egin nion neure semeari».

Orduan, Herodes erregea, Magoek engainatu egin zutela oharturik, biziki haserretu zen, eta Betleemen eta inguruetan bi urtez azpiko haur guztiak hiltzeko agindu zuen, Magoek adierazitako denbora kontuan harturik. Honela bete zen Jeremias profetak esana: «Oihua entzun da Raman, negar eta aiene ugari: Rakel ari da, bere haurrengatik negarrez; ez du kontsolatu nahi, ez baitira bizi».

Mateo 2, 13-18.

“Haurtzaroko ebanjelioak” deiturikoak, Lukas eta Mateorenean. Jakin badakigu, gertakarien oinarri historikoaz harago, “eraikin teologikoak” direna, hots, entzuleei  mezu teologiko jakin bat(zuk) helarazteko propio eraikiak.

Mateorenean, seguruenik, judu jatorriko komunitate bati zuzendua da, kasu honetan bezala, Itun Zaharretiko “betetze aipuek” lagunduta (“… horrela bete zen…”);  esan gabe doa, horren bitartez Herriaren eta Jainkoaren Itunaren jarraipena, sendotasuna, iraunkortasuna, indarraldia… Nazareteko Jesurengan azpimarratu nahi zuten seguruenik egilea/ek, besteak beste.  Ildo berean, Itun Zaharreko Jakoben seme Joseren zantzuak ere topa ditzakegu bertan: Jainkoak ametsen bidez gertakizunak agertzen zizkion Joseri.  Bidenabar ahaztu gabe, Egiptoko lurraren aipamena, zailtasun- eta probaldi-lurra, garbikuntza-, purifikazio- eta alde horretatik salbazio-lurra bezainbat.

Gure egungo gizartean, antza denez modu aski azalekoan, pasarte honetatik zabalduen eta herrikoiena, errurik gabekoen hilketa da.

Nor ez da inoiz bizi-arrisku larrian sentitu? Gorputzez edota gogoz? Nork ez du bizi-ilunik pasa? Nork ez du inoiz eduki barru-barrura ihes egiteko behar larria? Edo kanpo-kanpora Ni bizaren bila? Nor inon ez basamortu-mortuan? Orduan benetako mina eta negarrak.

“Nor naiz … Egiptotik ateratzeko?

Jainkoak erantzun zion:

–Zeurekin izango nauzu (Ir 3, 11b-12a)

Juankar Olaeta

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.