HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Abenduak 26

Jesusen gurasoak Jerusalemera joaten ziren urtero erromes Pazko-jaietan. Jesusek hamabi urte bete zituenean, Jerusalemera igo ziren jaietara, ohitura zen bezala. Jaiegunak bukaturik gurasoak etxerantz abiatu zirenean, Jesus haurra Jerusalemen gelditu zen, haiek jakin gabe. Erromeskideen artean zetorrelakoan, egun bateko bidea egin ondoren, haren bila hasi ziren taldeko ahaideen eta ezagunen artean. Eta aurkitzen ez zutelarik, Jerusalemera itzuli ziren haren bila.

Hiru egunen buruan, tenpluan aurkitu zuten, irakasleen artean eserita, haiei entzuten eta galdezka. Entzuten zioten guztiak txunditurik zeuden erantzunetan azaltzen zuen argitasunagatik. Gurasoak, ikusi zutenean, harriturik gelditu ziren, eta amak esan zion: «Seme, baina zergatik egin diguzu hori? Horra nolako atsekabez ibili garen aita eta biok zure bila!» Hark erantzun zien: «Zergatik ibili zarete nire bila? Ez al zenekiten Nik neure Aitaren etxean egon behar dudala?» Haiek, ordea, ez zuten ulertu zer esan nahi zien.

Jesus Nazaretera jaitsi zen haiekin, eta haien menpean bizi zen. Haren amak bere bihotzean gordetzen zituen gauza hauek guztiak.

Jesus, berriz, aurrera zihoan jakindurian, gorpuzkeran eta grazian, Jainkoaren eta gizakien begietan.

Lukas 2, 41-52.

Entzuten eta galdezka; ziurkeria, zurrunkeria larregi gure larrean? Barrena egiez eta dogmakeriez dugu beteegi apika? Oteizaren apostuluen antzera, barruari toki, hutsune egin behar ote diogu oraindik? Hats-gune beharrean gara?  Atsekabea leuntzen duen hats-egina?

Bila itzuli behar dugu, erromes, bidaide, bilatzaile gara, dohain/grazia dugu deia, barruko Jerusalem, Tenplu, Sancta Sanctorum, gure Abba (Aita/Ama)-ren etxera itzuli beharra dugu, itxaropenez, iraupenez, bertan goxotasunez une batez geldituz, entzuten eta galdezka, nire aitaren etxean.

Golgotatik igaroz Pazkora garamatzan Nazareteko Josuren jaiotza ospatu berri dugu (Josu= etimologia, Jainkoak salbatzen du); jakinduria zer? Nagusiok umearen bila.

Juankar Olaeta

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.