HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Abenduak 25

Hasieran bazen Hitza,

eta Hitza Jainkoarekin zen,

eta Jainko zen Hitza.

Hitza hasieran Jainkoarekin zen.

Gauza guztiak haren bidez eginak dira,

eta egindakorik ezer ez da hura gabe egin.

Hitzagan zen bizia,

eta bizia gizakien argia zen;

argiak ilunpean argi egiten du,

baina ilunpeak ez zuen onartu.

Agertu zen gizon bat, Jainkoak bidalia: Joan zuen izena. Aitormenerako etorria zen, argiaren aitormen egitera, haren bidez guztiek sinets zezaten. Hura ez zen argia, argiaren aitormen egin behar zuena baizik.

Hitza zen egiazko argia,

mundura etorriz gizaki guztiak argitzen dituena.

Munduan zegoen

eta, mundua haren bidez egina den arren,

munduak ez zuen ezagutu.

Bereengana etorri zen,

eta bereek ez zuten onartu.

Onartu zuten guztiei, berriz,

haren izenean sinesten dutenei, alegia,

Jainkoaren seme-alaba izateko ahalmena eman zien.

Hauek ez dira giza odoletik sortu,

ezta giza nahieratik ere,

Jainkoagandik baizik.

Eta Hitza haragi egin zen,

eta gure artean jarri zuen bizilekua,

eta ikusi dugu haren aintza,

Aitagandik graziaz eta egiaz betea datorren

Seme bakarrari dagokion aintza.

Joanek hartaz egin zuen aitormen, oihuka esanez: «Hau zen nik esan nuen hura: “Nire ondoren datorrena nire aurretik jarri da, ni baino lehenagokoa baitzen”».

Eta haren betearen betetik guztiok hartu dugu, grazia graziaren gain hartu ere. Legea Moisesen bidez emana zen; grazia eta egia, berriz, Jesu Kristoren bidez etorri dira. Jainkoa ez du inork inoiz ikusi; Aitaren altzoan dagoen eta Jainko den Seme bakarrak ezagutarazi digu.

Joan 1, 1-18.

“Gabon jaien erdigunean aurkitzen gara: gaua eta egunaren gai honetan, ea argiak irabazten duen zain gaudela, Jainkoa etxeko egin zela, egiten dela gogora ekartzen dugu.

Hona zer dioen Joan ebanjelariak, greziar kultura moldeko esanetan: gizakiok itxaron, asmaezina den berria jaso dugula. Jainkoa lagun dugu! 

Baina indartsu, botere antza edo gogorkerian imajinatuko bagenu…. ez, ume jaio berri baten izatean eskaintzen zaigu.

Aita-amaren sena datorkigu gogora, jaio berriak esperantza dakar, baina ezin du egin aurrera gure zaintza gabe. Beharko ditu elikadura, loa hartzen ikastea, etxeko ahotsak ezagutzea, tipi-tapa ikasteko esku laguna, familia zabalaren muxuak gozatzea, lagunak, auzoa, herria… bereak egitea, hitzaren trebetasunak ikastea, norbera izatearen zirrikituak ezagutzea…

Gonbidatzen zaituztet Jesus jaio berriari, giza izatearen ibilbide luzea norbereganatzen laguntzera. Nola? Norberaren barrenean asmatzera ea bizi berri hartan nolakoa sentitzen zen bera; bere ama Maria eta Jose aitaren bizipenak jarraituz; eta honetan gabiltzala, Jainko aita-ama denaren ondoan, solasean agertzera nire otoitza.

Eta miresmen honetan gabiltzala jabetzen gara “Jainkoa gizaki dela asmo batekin, giza seme-alabok jainkotasunaren barrenean ezartzeko” Krisostomo deunak kristautasunaren lehenengo aldietan esan zuen bezala.”

Ana Berrizbeitia

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.