HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abenduak 24

Aldi hartan, Zakarias, Joan haurraren aita, Espiritu Santuaz beterik, profeta bezala mintzatu zen, esanez:

«Bedeinkatua Jauna, Israelen Jainkoa, agertu eta bere herria askatu duena!

Salbamen-indarra digu eman bere morroi Daviden etxean. Hala hitzemana zuen antzinatik bere profeta santuen ahoz: salbatuko gintuela geure etsaien menpetik, gorroto gaituzten guztien eskutik.

Horrela agertu du gure gurasoenganako errukia eta oroitu da bere itun santuaz, gure guraso Abrahami egindako zinaz: berak emango zigula, etsaien eskutik askaturik, beldur gabe bera zerbitzatzea, santu eta zuzen izanez haren aurrean geure bizitza guztian.

Zuri, berriz, haurtxo horri, Goi-goikoaren profeta deituko dizute, Jaunaren aurretik joango baitzara hari bidea prestatuz, erakustearren haren herriari salbamena, beren bekatuen barkamena.

Gure Jainkoaren errai errukitsuengatik, agertuko zaigu goizeguzkia zeru goitik, ilunpean eta Herio-itzalean daudenei argi egitera, gure oinok bake-bidean zuzentzera».

Lukas 1, 67-79.

Hemen dugu Zakarias kantuan eta goralpen ahotsak ageriz, bere seme berria ezagutu eta familia giroan onartu ondoren.

Zein da  bertsoaren mamia? Esker ona eta geroaren harira jarri bizitza.

Nondik datorkio indar berri hori? Jainkoa herriaren alde berriz agertzen delako.

Bedeinkapena da hitz nagusia:  Jainkoak ongi esan digu, gure ondoan agertzea nahi du, atzo eta gaur, gure alde…

Bakarrik gure onarpen eta erantzunaren zain gelditu behar izaten dela Jainkoa. Haren asmoak gure “ongi esaneko” hitzen beharra dute, bere gizatasuna hedatzeko asmoak aurrera eramateko, nire eta gure indarrak, ahalmenak behar ditu, giza bizitza bere senera eramateko.

Joanen bizitzaren berri ezagutzen dugunez gero, ongi dakigu bere nortasuna eta zeregina: Jainko beteari bidea prestatzea. Eta zein da besterik gure egitea? Berea, egite berbera.

Negu barrenean ospatzen dugu fede bizipen hau: natura garenez gero ilunaren indarra gugan duen eragina gogoan harturik, esaten dugu Joan argiaren aurrelari agertu zaigula, judutar herrian izan zen antzera.

Gaur ere, gizarte eta gizaki bakoitzaren ilunaldien barrenera anaiartekotasunaren argia eramateko oihartzuna entzuten dugu: Izan lagun hurkoa!

Ana Berrizbeitia

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.