HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Abenduak 23
Haurra izateko denbora bete zitzaionean, Elisabetek semea izan zuen. Jakin zuten auzokoek eta ahaideek zein erruki handia agertu zion Jaunak, eta zorionak ematen zizkioten.
Jaio eta zortzigarren egunera, haurra erdaintzera eraman zuten, eta aitaren izena jarri nahi zioten, Zakarias. Amak, ordea, esan zuen: «Ez! Joan izango du izena». Esan zioten: «Ez duzue senitartean inor izen hori duenik».
Orduan, aitari keinuka galdetu zioten zein izen eman nahi zion haurrari. Eta hark oholtxo bat eskatu eta idatzi zuen: «Joan du izena». Denak harriturik gelditu ziren. Bat-batean mihia askatu zitzaion Zakariasi, eta hitz egiten hasi zen eta Jainkoa goresten.
Beldurrak hartu zituen auzoko guztiak, eta Judeako mendialde guztian zabaldu zen gertatuaren berri. Entzuten zuten guztiek beren baitarako esaten zuten: «Zer izango ote da ume hau?» Zeren Jainkoaren eskua harekin baitzegoen.
Lukas 1, 57-66.
Orain arte Berri onaren pasarteak Maria eta Elisabet izan dituzte erdigune; honetan aldatu egin da begirada, datorren belaunaldiari begira jartzen gaitu.
Gure bizitzan ere halaxe suertatzen zaigu hainbatetan: zelan itxaroten jartzen garen seme-alaba, iloba, edo bikote lagunen seme-alaba berrien zain gaudenean…
Belaunaldi berriek geroa urreratzen digute, itxaropena berpiztu. Gurariak, ametsak berpizten hasi dira… Baina zer berri dakar?
Joanen izenean ageri da Berri Ona: sendiaren ohituratik haratago eramaten gaitu mutikoaren izenak. Jatorriak Zakarias eskatzen zuen, baina amak esaten du bere barrenetik gizatasun berria datorrela eta haren izena Joan izango dela.
Gizaki bakoitzari izena jartzerakoan beretasun bakarra adierazten zaio. Aitak eta amak umearengan itxaropena betea jartzen dute, horregatik esanahi berria hartzen du berarengan: “Jainko maiatale eta bihozbera” JOAN.
Hau da, Jainkoa ume honen bitartez ematen zaigu bizi samurtasun eta maitekor izatean; indarreko edo urruneko jainkotasuna aldentzera datorrena.
Bi gurasoak batera Jainkoa goratzen agertu ziren, espero ezineko mezua jaso zutelako. Euren ahultasunean, senar mutuaren neskalagun den emakume bati, opari honek indar berria sorrarazi zion eta horregatik kanta eta goralpena.
Itxaropenak badu berrriro gorpuzterik!
Jarri, Jauna zure eskua gugan, Joanengan jarri zenuen bezala, zure ikutu maitakorra gugana jatsi dadin, itxaropena eta konfiantza sustraitu daitezen nigan eta bide batez, mundu honetan.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.