HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Abenduak 22
Aldi hartan, Mariak esan zuen:
«Handiesten du nire arimak Jauna, pozaren pozez daukat neure barrua, Jainkoa baita nire salbamena, ikusi baitu mirabe honen ezereztasuna.
Horregatik, dohatsu deituko naute gaurdanik gizaldi guztiek, handiak egin baitizkit Ahalguztidunak; santua da haren izena, eta haren errukia gizaldiz gizaldi begirune diotenengana.
Bere besoaren indarra erabili du, buru-harroak suntsitu ditu; bota ditu beren aulkietatik ahaltsuak, eta gora jaso ditu ezerezak; ondasunez bete ditu gose zeudenak eta esku-hutsik bidali aberatsak.
Lagun etorri zaio bere morroi Israeli, bere errukiaz oroiturik; hala zien gure gurasoei hitzemana, Abrahami eta ondorengoei betiko esana».
Mariak hiru hilabete inguru egin zuen Elisabetekin; gero, etxera itzuli zen.
Lukas 1, 46-56.
Hemen dugu Maria eta Elisabeten topo eginaren bigarren atala. Lehenengoan elkar agurtzen dira, pozaren zergatia agertzen dute, itxaropenaren oinarria non aurkitzen den gogoratuz…
Mariaren goralpen kantua entzuten dugu bigarren atal honetan. Bertan bizitzari begirunea izanik Nazareteko fededun neskatila hark hauxe dio: zein ederra den giza bizitza, txanpon baten antzera, bi alderdi dituena. Bata dohainik jasotako bizitza, norbera izatea, opari lez emanikoa; eta bestea, dohai horrekin zer egin asmatu eta ekintzaren bitartez aurrera eramatekoa.
Nola gauzatu hain helburu eta proiektu sendoa? Jainkoa bide lagun dugula, familia, gizarte, herri eta auzoan hazi eta hezi ibilbidea eginik.
Esan dezakegu honetan doala Mariaren barne oreka edo espiritualitatea. Mariaren giza historia eta fededun ibilbidearen laburpena, bertsotan eta kantuan esanikoa, gizakiontzat gauza sendoenak esaten ditugun lengoaian agertutakoa.
Mariaren eta, harekin bat eginez, Elisabeteren, gizaki izateko molde hau guregana heldu zaigu: Jainkoa onbide eskaini zaigu, denontzat emanikoa, eta batez ere apal eta txikientzat.
Jainkozaleok zeren alde jokatzen dugu soka horretan sartzen garenean? Gure mundu zabala eta txikia izanik, harreman gizatiarrak ehuntzen ekinez, anai-arreben arteko lotura sortzen saiatuz…
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.