HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abenduak 20

Handik sei hilabetera, Gabriel aingerua bidali zuen Jainkoak, Nazaret zeritzan Galileako herri batera, birjina batengana; birjinak Maria zuen izena eta Jose zeritzan Daviden jatorriko gizon batekin ezkontzeko hitzemana zegoen.

Aingeruak, Mariaren etxean sartu eta esan zion: «Poztu zaitez, graziaz bete hori! Jauna zurekin». Ikaratu zen Maria hitz haiek entzutean, eta pentsatzen jarri zen, zer izan ote zitekeen halako agur hura.

Aingeruak esan zion: «Ez beldur izan, Maria; Jainkoak gogoko zaitu. Begira, sabelean sortu eta semea izango duzu, eta “Jesus” ipiniko diozu izena. Handia izango da; Goi-goikoaren Seme deituko diote, eta Jainko Jaunak bere aita Daviden errege-aulkia emango dio; Jakoben herriaren errege izango da beti, eta haren erregetzak ez du azkenik izango».

Mariak esan zion aingeruari: «Nola gerta daiteke hori, ez bainaiz inongo gizonekin bizi».

Aingeruak erantzun zion: «Espiritu Santua jaitsiko da zugana eta Goi-goikoaren indarrak bere itzalpean hartuko zaitu; horregatik, zugandik jaioko dena santua izango da eta Jainkoaren Seme deituko diote. Hara, Elisabet zure ahaidea ere haurdun dago bere zaharrean, eta sei hilabeteko dago agorra omen zena; Jainkoarentzat ez baita ezer ezinik».

Mariak, orduan: «Hona hemen Jaunaren mirabea; gerta bekit zuk diozun bezala». Eta aingeruak utzi egin zuen.

Lukas 1, 26-38.

Neskatxa bat aurkitzen dugu Galileako herrixka txiki batean. Bere jainkozaletasuna judutar jatorrikoa izanik, adi zegoen Jainkoak noiz bere mezua ageriko: Shema Israel… (Entzun nire herri…). Emakume izanik bere ekintzak aurrera eramaten zituen bitartean, barne oreka zaintzen zuen.

Gure eguneroko zereginen artean, hau egin, honi adi egon… hainbatetan pozik, bestetan arduratuta… bakoitzaren erdigunea mugitu egiten zaigu. Ahaztu egiten dugu aita-amaren sena duen Jainkoa dugula, babesa eskaintzen, maitasun oinarria sendotzen. Bizipen honekin jabetzea, esker ona agertzea da fededun izatea.

Hor dugu Nazareteko Maria, bera aitzindari suertatzen zaigu: mundu honen geroa gizaki bakoitzaren bizi erroetan dagoela adieraziz, eta bertan Jainko maitaleak izango duela bere egoitza aditzera emanez. Zer eskatzen dio honek nire askatasunari? Fede eta konfiantzazko jarrera, ama-aita batek bere seme-alaba besarkatzen duen antzera, apaltasun eta goxotasunez.

Neskatxa haren “bai” esanetik, guregana heldu zaigu Jainko gisa haragi egina. Bere konfiantzaren eragina onartzen dugu: Jainkoak gurekin bat egitera etorri izana. Hau bai hau itxaron ezineko berri ona!

Jainkozaletasunak gizaki eta mundu zabal honetara bizitza dakar, beldurrak ez du indarrik fede bizipen honen ondoren!

Ana Berrizbeitia

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.