HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abenduak 16

Joan Bataiatzailearen mezulariek alde egin zutenean, Joanez mintzatzen hasi zitzaion Jesus jendeari: «Zer ikustera atera zineten basamortura? Haizeak astintzen duen kanabera? Zer ikustera atera zineten, bada? Apain jantzitako gizona? Apain janzten direnak eta atseginkeriatan bizi direnak errege-jauregietan egoten dira. Zer ikustera atera zineten, bada? Profetaren bat? Baietz diotsuet, eta profeta baino ere handiagoa dena. Horretaz dago idatzia Liburu Santuan:

“Begira, neure mezularia bidaltzen dut zure aurretik, zuri bidea prestatzera”.

Horra Nik esan: ez da sortu amaren semerik Joan baino handiagorik. Hala ere, Jainkoaren erreinuko txikiena hura baino handiagoa da».

Joani entzun zion herri osoak, baita zergalariek ere, Jainkoak arrazoi zuela aitortu zuten, Joanen bataioa hartuz; fariseuek eta legemaisuek, ordea, haren bataioa baztertuz, zapuztu egin zuten Jainkoak beraientzat zuen asmoa.

Lukas 7, 24-30.

Jainkoak guretzat dituen ametsak eta asmoak ez dute beti bat egiten gure asmo eta ametsekin. Gaurkoan, gure barnetik sortzen diren asmo eta ametsei Jesusek galdera zuzena egiten die: “Zer ikustera atera zineten basamortura?”, hau da, zerk bultzatu zaituzte bilaketa hau egitera? Eta zer aurkitzea espero zenuten?.

Bi mila urte pasatu badira ere, Jainkoak galdera berdina egiten jarraitzen du. Guri dagokigu erantzutea. Zer ikustera atera gara gu ere? Jainkoaren asmo eta ametsak bat al datoz nireekin? Prest al nago nire txikitasunean Jainkoarekin bat egiteko? Aurkitu dut nik nahi nuena, imajinatzen nuena, edota Jainkoak beste zerbait erakutsi dit?

Gaurko ebanjelioan, hobenak direla pentsatzen dutenak, fariseuek eta lege-maisuek, bizkarra eman diote Jainkoari: “zapuztu egin zuten Jainkoak beraientzat zuen asmoa”.

Eta nik, zer erantzungo dut? Baietz erantzun nahi dut, baina ez da beti erraza. Eskatu diezaiogun laguntza Jainkoari, berarekin bat egiteko dugun gure asmoa azalduz eta gure bihotz-berritzeko dugun benetako asmoak gida dezala gure bizitza.

Muñoa

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.