HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abenduak 12

Aldi hartan, honela galdetzen zion jendeak Joan Bataiatzaileari: «Zer egin behar dugu?» Eta hark erantzuten zien: «Bi soineko dituenak eman biezaio bat ez duenari, eta jatekorik duenak egin beza gauza bera».

Etorri zitzaizkion zergalari batzuk ere bataiatzera eta galdetu zioten: «Maisu, zer egin behar dugu?» Eta hark esan zien: «Ez eskatu erabakia dagoena baino gehiago».

Gudariek ere galdetu zioten: «Eta guk zer egin behar dugu?» Hark erantzun: «Ez atera inori dirurik gogorkeriaz, ezta gezurrezko salaketaz ere; baizik eta konforma zaitezte duzuen soldatarekin».

Herria zain-zain zegoen eta denak ari ziren pentsatzen ez ote zen Joan Bataiatzailea Mesias izango. Joanek guztiei adierazi zien: «Nik urez bataiatzen zaituztet; baina badator ni baino ahaltsuago dena eta ni ez naiz inor haren oinetakoen lokarriak askatzeko ere. Hark Espiritu Santuaz eta suz bataiatuko zaituzte. Eskuan du sardea, larraina garbitu eta garia mandiora biltzeko; lastoa, berriz, itzal ez daitekeen suan erreko du».

Hauen eta beste aholku askoren bidez, Berri Ona iragartzen zion herriari.

Lukas 3, 10-18.

Zer egin behar dugu? Jendeak galdetzen du maiz arazoak ikusi eta nondik jarraitu behar den garbi ez dakienean. Erraza da erantzun liluragarriak jasotzea. Horrelakoetan, adi egon behar da eskaintza tentagarrien sareetan ez jausteko, askotan maltzurrak eta desegokiak baitira.

Gaurkoan, ebanjelistak ez du Jesusen pasarte bat batzen, herri osoari Berri Ona zabaltzen ari den profetaren azalpena baizik. Joanek argi gidatzen ditu eta ematen dituen aholkuak neurriz egokituak daude. Bere hitzek justizia, ekitatea, karitatea, itxaropena isuritzen dute. Ez da harritzekoa Mesiastzat hartzea. Baina berak, apaltasunez eta indar handiko irudiez baliatuz, Jesus aurkezten du.

Gure bizitzan sor daitezkeen galderei buruzko erantzunak Joan Bataiatzailearen bizitza ereduan arkitzen ditugu: baldintzarik gabeko konpromiso ausartetik ematen zituen aholkuak bizitzan jarraituz. Saiatzea librea da, zergatik ez?  

Rosa Miren Pagola

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.