HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abenduak 1

Aldi hartan, Galileako itsasbazterrera joan zen Jesus; mendira igo eta han eseri zen. Jendetza handia hurbildu zitzaion, herren, itsu, besamotz, mutu eta bestelako gaixo asko eramanez; oinetan jartzen zizkioten eta hark sendatu egiten zituen. Denak harriturik gelditu ziren ikusten zutenaz: mutuak hizketan, besamotzak sendatuak, herrenak ibiltzen eta itsuak ikusten. Eta Israelen Jainkoa goresten hasi ziren.

Jesusek ikasleei dei egin eta honela esan zien: «Errukia ematen dit jende honek; badaramate hiru egun nirekin eta ez dute jateko ezer. Ez ditut baraurik bidali nahi, bidean akitu ez daitezen».

Ikasleek hau esan zioten: «Nondik atera guk basamortu honetan horrenbeste jende asetzeko adina ogi?» Eta Jesusek: «Zenbat ogi dituzue?» «Zazpi, erantzun zioten, eta arraintxo bakar batzuk». Lurrean esertzeko agindu zion jendeari; gero, zazpi ogiak eta arrainak hartu zituen eta, Jainkoari esker-otoitza egin ondoren, zatitu eta ikasleei eman zizkien, eta ikasleek jendeari. Denek jan zuten asetzeraino, eta hondarrekin zazpi otarre bete zituzten.

Mateo 15, 29-37.

ERRUKIA EMATEN DIT JENDE HONEK

Denbora pasa ahala, gure bihotza gogortzen den susmoa izan dezakegu. Badirudi gero eta bihozgabeago egiten garela jendeak bizi dituen kalte- eta sufrimendu-egoeren aurrean. Errealitateak oihu egiten digu bere gordintasunetik eta jendearen sufrimendua erronka bihurtzen da.Gizartean dauden isolamendu prozesuak hautan ez errukitzen laguntzen du. Bertan komunikabide berriek eta gizarte-sareek gure atentzioa beste leku batera bideratzen dute, eta hauek jendearen mina argi eta garbi entzutea eragozten digute.

Jesus jendearengana –eta bereziki ahulen direnengana– doa, jendeaz inguratzen da eta jendeak bizi duenari hurbiltzen zaio. Hor gertatzen da, jendearen erdian, Jainkoaren erreinua, mahai partekatuaren miraria, non denak, salbuespenik gabe, aseak izaten baitira. Jesusen ekimena Ebanjelioaren proposamenaren sinboloa da, non zatitzen eta banatzen den ogia guztiengana iristen baita. Haurridetasunaren logikaren sinboloa da, maitasunaren logikarena.

Gaur gure arreta berrizta dezakegu, haien beharrei adi egonez eta haiek gu ukitzen utziz. Orduan inor atzean ez uzteko Erreinuaren miraria gure artean eman daiteke.

Pello Azpitarte

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.