HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Azaroak 30

Aldi hartan, Jesusek, Galileako itsasbazterrean barna zebilela, bi anaia ikusi zituen, Simon, Pedro deitua, eta haren anaia Andres, sareak itsasoan botatzen, arrantzaleak baitziren. Jesusek esan zien: «Zatozte nirekin, eta giza arrantzale egingo zaituztet». Haiek, berehala, sareak utzi eta jarraitu egin zioten.

Aurreraxeago, beste bi anaia ikusi zituen, Santiago eta haren anaia Joan, Zebedeoren semeak, aitarekin ontzian sareak konpontzen; eta dei egin zien. Haiek, berehala, ontzia eta aita utzirik, jarraitu egin zioten.

§ Mateo 4, 18-22.

Irten, harago sartzeko

Topaketa batek zerbait sentigarri uzten duenean sortzen da harremana luzatzeko asmoa. Une haietan erakargarri suertatu zena da gerora luzatu nahi dena. Harrezkero, harremanari jarraipena ematen zaio eta hortik batak besteari eragin iraunkorra jostea dator.

Apostoluek maisua ezagutu aurretik beren eguneroko lanetan zebiltzan. Halako batean handik bidean zihoan batek sokatik tiratuko balie bezala gonbidapena botatzen die. Ia pentsatzeko denborarik gabe bai ala ez erantzuteko eskatzen diela dirudi. Arrantzaleak barne mugimendu txiki batek eraginda berarekin joan ziren.

Jarraipen bakoitzak bere unea du. Ez lehenago, ez beranduago. Bide bati heltzeak hasieran apustu eta ausardia eskatzen digu, harago abiatzea delako. Ba bizitzaren une batzuetan Jesusen gaitasun berezi hori dator gurera: harago joan gaitezkeela iradokitzen duena.

Norabide berrirantz pausoak ematea badirudi irteera bat dela, irtetzea. Ebanjelioaren bitartez guretik irtetea eskatzen zaigu, zertarako eta beste zerbaitetara sartzeko: Jainkoaren Erreinua gauza dadin gurea ematera.

Patxi Otamendi

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.