HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Azaroak 29

Aldi hartan, Jesus Kafarnaum herrian sartu zelarik, erromatar ehuntari bat etorri zitzaion, arrenka esanez: «Jauna, elbarri eta oinazetan dago nire morroia etxean». Jesusek esan zion: «Joan eta sendatuko dut».

Baina ehuntariak erantzun zion: «Jauna, ni ez naiz inor Zu nire etxean sartzeko; baina esazu hitz bat eta sendatuko da nire morroia. Nik ere, neu besteren mendean egon arren, soldaduak ditut neure mendean, eta bati joateko agintzen badiot, joan egiten da; beste bati etortzeko agindu, eta etorri; eta nire morroiari zerbait egiteko esan, eta hala egiten du».

Hori entzunik, harritu egin zen Jesus eta ondoren zetozkionei esan zien: «Egia esan, Israelen ez dut inorengan aurkitu horrenbesteko sinesmenik. Eta hau diotsuet: Asko etorriko dira sortaldetik eta sartaldetik, eta zeruetako erreinuko mahaian eseriko dira, Abraham, Isaak eta Jakobekin».

§ Lukas 8, 5-11.

Izenburua – Headlines

1973 urtean Times aldizkariak lehen orria aita Arruperi eskaini zion. Ia ziur guri ez zaigula horrelakorik gertatuko. Ez dio axolarik; izan ere, besteek nabarmendu ala ez, gure bizitzak badu baliorik.

Jesusengana doan militar agintariak ehuntari maila zuen. Zegokion garrantziaz harago apal eta eskale eran bertaratu zitzaion Jesusi, azpi mailako baten osasunaren berreskurapena eskatuz. Militarrak ez zuen bere burua boteretik aurkeztu, harrigarriro aitortzen baitu ez dela “duina”. Hau da, urrun dagoela aginteaz probetxurik ateratzeko. Edo zinez onartzen duela bizitzan badirela bere ahalmen hutsa gainditzen dutenak. Horietako bat osasuna berreskuratzearena. Morroia sendatu nahi luke eta ezin. Lagundu nahiak eta aldi berean ezintasunak apaltasuna sentiarazi diote.

Merituen bisita txartela erabili ordez, zegokion titulua edo izenburua aldatu eta hara zelako esaldi ezohikoa jaurti duen: ez naiz duina. Funtsean ezin duela eskubidetzat premiatu Biziak dakarrena. Lortu ezin zuen hori opari gisa emango zaion konfiantza duela. Horretaraino itxarotera “jaitsi” zen militar karguduna. Zuzenean eskaria egin eta Jesusek borondate on hura ulertuz eredutzat jarri zuen.

Geure aldetik alferrik genuke eguzkiari bero gutxiago eman dezala agintzea, edo ibaiak ura kontrakorronte eraman dezala. Biziari eskatzekotan apal eska diezaiogun. Zer esaten dit niri “ez naiz duina”?

Patxi Otamendi

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.