HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Azaroak 28
Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Seinaleak izango dira eguzkian, ilargian eta izarretan, eta estu ibiliko dira lurrean herrialdeak, itsasoaren orroaz eta olatuen indarrez aztoraturik. Arnasarik gabe geldituko da jendea, munduari gainera datorkionaren beldurrez, ortzia ere dardaratuko baita.
Orduan, Gizonaren Semea indartsu eta aintza handiz hodeian etortzen ikusiko dute. Hori guztia gertatzen hastean, izan bihotz eta jaso burua, hurbiltzen ari baita zuen askapena.
Zabiltzate, bada, kontuz! Ez bedi moteldu zuen bihotza hordikeriaz, mozkorkeriaz eta bizitza honetako kezkaz, egun hura ustekabean gainera etor ez dakizuen, sarea bezala etorriko baita lurrean bizi diren guztien gainera. Beraz, egon erne eta egin otoitz une oro, etorri behar duten horiei guztiei ihes egin ahal diezaiezuen eta zutik egon ahal zaitezten Gizonaren Semearen aurrean».
§ Lukas 21, 25-28.34-36.
Jesus, mezu populistak zabaltzen?
Gero eta gogaikarriagoak zaizkigu beldurrezko mezuak. Eta iruditeria apokaliptikoan jaurtitzen badizkigute, are onartezinago. Ildo mehatxagarrian datozen iragarpenak iraupen txikia dute jendearen hausnartze sakonean. Bai, ordea, deigarritasuna hedatu nahi duten sare sozialetan… Ba, horretan tematzera jarria dago gaur egun hainbat politikari “populista”.
Populista jarri ote da Jesus pasarte honetan? “Influencer” desleialen bidea hartu ote du? Zergatik baliatzen da “literatur beltza” edo “beldurgarrizkoan”? Izan ere, oro har, bere mezuak ez dira aztoratze mailakoak. Bederen gizatasunera eta askatasun burutsura deitzera egoten dira lerratuak.
Ba, oraingoan Naturaren hondamendi bortitza etortzear dela dio… Iragarpen meteorologikoak aurreratzen dituzten urakanak txiki geratzen dira honen parean… Ebanjelioen mezuen ardatza gu hobetu eta prestakuntza bidean jartzea bada, zertara izutze eta beldurtze mezu hau?
Onartu beharrekoa da benetan kaltegarri izan dakigukeela bizitzak uzten dizkigun “hitzik gabeko seinaleak” ongi ez antzematea. Kontrako karriletik joatea eta stop gunean ez geratzeak zerbait latza ekar lezakeen bezala, adi zer datorrenari. Horretarako, zer egin? “Izan bihotz eta jaso burua”…
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.