HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Azaroak 25

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Jerusalem gudarostez inguratua ikustean, jakizue gainean duela bere hondamendia. Orduan, Judean daudenek ihes egin bezate mendietara; Jerusalem barruan daudenek alde egin bezate, eta soroan direnak ez bitez hirian sartu. Zigor-egunak izango dira, orduan beteko baita Liburu Santuan idatzirik dagoen guztia.

Dohakabeak egun haietan haurdun izango direnak edota bularreko haurrak dituztenak! Estualdi handia izango baita lur honetan, eta haserre-zigorra herri honentzat. Ezpatapean eroriko dira eta nazio guztietara eramango dituzte gatibu; jentilek zapalduko dute Jerusalem, nazioentzat Jainkoak erabakitako epea erabat bete arte.

Seinaleak izango dira eguzkian, ilargian eta izarretan, eta estu ibiliko dira lurrean herrialdeak, itsasoaren orroaz eta olatuen indarrez aztoraturik. Arnasarik gabe geldituko da jendea, munduari gainera datorkionaren beldurrez, ortzia ere dardaratuko baita.

Orduan, Gizonaren Semea indartsu eta aintza handiz hodeian etortzen ikusiko dute. Hori guztia gertatzen hastean, izan bihotz eta jaso burua, hurbiltzen ari baita zuen askapena».

§ Lukas 21, 20-28.

Tximeleta efektua

Covid garaian ohartu gara bakar baten arnasaldi soilak inguruan zelako eragin latza utz dezakeen.

Nahiz eta gaurko pasarteak aldez aurretiko alarma ohar baten itxura izan, Lukasi jada ezaguna zitzaion Jerusalemgo txikizioa. Gertakizunen ostetik mintzo denez, bi mila urte geroago zirraragarri egiten zaigu txikizioaren gertalekua hain xehe irudikatu etaaurreratzea.

Urteak eta hamarkadak daramatzagu entzuten Jerusalemen ez bada bakerik lortzen munduaren oreka ezegonkor eta kaltetua geratuko dela. Horrela da oraingoz palestinarrekin gertatzen denari begiratuz gero. Jerusalai deituraren esanahia “Bakearen hiria” izanda, Jesusen garaian bezain erabakigarri da gaur han bakeak gatazkari irabaztea. Lidergo bakar batek ezingo duenez bakea lortu, azken hamarkadetan hainbat ari dira alde biei elkarlana eskaintzen. Beste zenbait ere kontrako bidean oztopo trinkoak jartzen dizkiete ahalegin on gehienei. Norantza bideratuko da azkenik balantza?

Oraingoz nola amaituko den jakin gabe, luzeegi egiten da irtenbiderik ez lortzea. Etsigarri ere. Halabaina, bitartean egiten den guztiak alde edo aurka lagunduko du. Bakeak aurretik prestaketa luzeak behar izaten ditu, eta horietako prestaketen artean garrantzizkoa da barne-prestaketa. Kanpoko bakearen sorburua norbere baitan hasten baita.

Kalte eta ondorio txarrak ekiditeko konponbidearen itxaropena ereiten eta areagotzen joan behar da, ia etenik gabe. Gogoak egitasmo bilakatzera jotzen dutela izaten da itxaropenaren ahalmena. Barnean abiatzen eta egosten den ahalmena geroago kanpoan gauzatuko den eragina suertatzen da. Bitartean, Jainkoaren presentzia han eta hemengo saio duinetan banatua dagoela usteak barne bakea aberasten du.

Patxi Otamendi

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.