HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Azaroak 24

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Eskua erantsiko dizuete eta erasoko, sinagogetara eta kartzeletara eramango zaituztete, eta erregeen eta agintarien aurrera zuzenduko nigatik. Aitormen egiteko aukera emango dizue horrek guztiak. Hartu gogoan ez duzuela zeuen burua nola defendatuko kezkatan ibili beharrik; Nik adieraziko dizuet zer eta nola esan, eta zuen etsaietako inork ez du zuei aurre egiterik edo erantzuterik izango.

Zeuen gurasoek eta senideek berek, ahaideek eta adiskideek berek salduko zaituztete, eta zuetako zenbait hilko; guztiek gorroto izango dizuete nigatik; baina ez duzue buruko ile bat ere galduko. Iraupenaren iraupenez lortuko duzue bizia».

§ Lukas 21, 12-19.

Jesus, zutabegile

Zutabegileek egunero iritzi moldean zentinela edo begirari lanetan saiatzen dira, ikuspegiak argitzearen zerbitzua eskainiz. Dagoenetik harago beste zerbait erabakigarririk ote dagoen izendatu eta aurkezten dute, une bakoitzean zein indar ikusezin ari den eragiten azpimarratuz. Argitasun apur bat gehitze asmoz hitzekin zein ideiekin errealitatearen erdian zutarri bat altxatuko balute bezala aritzen dira. Indarguneak non diren eta non koka genitzakeen adierazten digute, garai bakoitzeko Babel Dorrearen aniztasunean galdu ez gaitezen.

Ebanjelioetako Jesusen mintzaldiak ez dute zutabe baten luzera baino luzapen handiagorik izaten. Jaulkitzen dituen mezu soilak aldi berean trinkoak direla, zutabe zuzenak suertatzen zaizkigu. Gugan sartu eta oroimenean ondo iltzatuta geratzen direnez, egunerokotasuna galdu barik diraute.

Gaurko testuak ohartzen digu Biziaren emaria zenbaitetan besteen bidez datorrela. Besteengandik datozkigun eraginak aurretik prestatuak genituen asmoak baldintzatzen dizkigute onerako zein txarrerako, eta aurre egin behar diegu. Zailtasunak zailtasun, aukera probesteko erronka egiten digu; hondartzan olatuari egiten zaion bezala, botako ez bazaitu. Bagenekien, sarritan esana delako, krisiak aukera gisa hartu behar direla.

Jesusek ez luke nahi bere mintzoa era orokor batean har genezan, baizik gutariko bakoitzari zuzendua. Eta esaldi hau uzten digu: “Iraupenaren iraupenez lortuko duzue bizia”

Patxi Otamendi

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.