HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Azaroak 23
Aldi hartan, tenpluari buruz ari ziren batzuk, harri ederrez eta emaitzez apaindua zegoela aipatuz. Orduan, Jesusek esan zien: «Etorriko da, hor ikusten dituzuen horietatik guztietatik harririk harri gainean geldituko ez den garaia: dena suntsituko dute».
Ikasleek galdetu zioten: «Maisu, noiz gertatuko da hori? Eta zertan antzemango diogu gertatzera doala?»
Jesusek erantzun zien: «Kontuz, ez zaitzatela inork engaina! Asko etorriko dira nire izenean, “ni naiz Mesias” edo “gainean da garaia” esanez. Ez joan horrelakoen atzetik. Gerra- eta iraultza-hotsak entzutean, ez ikaratu, lehenbizi gertatu beharrekoa baita hori guztia; baina ez dator berehala azkena».
Esan zien, gainera: «Nazioa nazioaren aurka eta erreinua erreinuaren aurka altxatuko dira; lurrikara handiak izango dira, eta izurriteak eta goseteak han eta hemen. Gauza ikaragarriak gertatuko dira, eta seinale handiak agertuko zeruan».
§ Lukas 21, 5-11.
Lukasen ebanjelioa idatzi zenean, gauzak ez ziren errazak: Jesus biztua zen, bai, baina Jainkoaren Erregetza ez zen gauzatzen; areago, inperio hiltzailea bere indar betean zegoen eta Jainkoaren egon lekua suntsitua zuen, harririk harri gainean utzi gabe.
Horrek guztiak zalantza eta beldurra eragiten zituen Jesusen jarraitzaileen bihotzetan. Halakoetan guk ere bestelako bide batzuk hartzeko tentazioa izaten dugu. Badirudi Jesusek proposatutako bidea ez dela hain eraginkorra, eta justizia eta bakea lortzeko modu arinagoak eskaintzen zaizkigu han eta hemen. Baina Jesusek, orduan “ez zaitzatela inork engaina” esaten digu, “ez joan horrelakoen atzetik”. Orduan bezala gaur ere bidea Jesus da. Inork ez digu beldurra kenduko, zalantza ez da berez desagertuko, erabaki egin beharko dugu bizitzako urrats bakoitzean, baina Jainkoaren proiektua aurrerantz bultzatzeko bide bakarra Jesus dugu. Galdera jakinari erantzun beharko diogu beti: “Zer egingo luke Jesusek egoera honetan?”.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.