HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Azaroak 21

Aldi hartan, Pilatok esan zion Jesusi: «Zu al zara juduen erregea?» Jesusek erantzun: «Zeure kabuz galdetzen didazu hori ala besteek esan dizute hori nitaz?» Pilatok esan zion: «Judua ote naiz, ba, ni? Zeure herritarrek eta apaizburuek ekarri zaituzte nigana. Zer egin duzu?»

Jesusek erantzun: «Nire erregetza ez da mundu honetakoa. Nire erregetza mundu honetakoa balitz, nire jendeak borroka egingo luke, Ni juduen eskuetan ez erortzeko. Nire erregetza, ordea, ez da hemengoa». Orduan, Pilatok esan zion: «Beraz, errege zara Zu?» Jesusek erantzun zion: «Bai, errege naiz, zeuk diozun bezala. Honetarako jaio eta etorri naiz mundura: egiaren testigantza egiteko. Egiarena denak entzuten du nire ahotsa».

§ Joan 18, 33b-37.

Itun Berriak oso gutxitan esaten du Jesus Errege dela. Egiazko Erregetza bakarra Jainkoarena da Jesusen aburuz, eta Jainkoaren Erregetza hori, ohituta gauden erregetza guztiak ez bezalakoa da. Orduan eta gaur munduko handikiek (erregeek, aberatsek, boteredunek…) jende arrunta mendean hartzen dute euren interesak defendatzeko, eta Jesusek beti esango digu: ”Ez dadila horrela izan zuen artean”.

Pasarte honetan ere gauza bera esaten dio Pilatori: “Zuk diozun bezala, ni Errege naiz, baina nire erregetza ez da zuk diozun bezalakoa. Ni egiazko Erregetza iragartzera etorri naiz, eta ez hemengo erregeen modura borroka egitera. Hori bai, egia maite duenak, egia bilatzen duenak entzun egingo nau”. Hori guztia esan zion Jesusek bere bizia eskuetan zeukan Pilatori. Gaur ere Jesusek iragartzen zituen baloreen alde egitea arriskutsua izan daiteke, handikiek gure kontra borroka egingo baitute; merezi, ordea, merezi du egiaren alde egiteak.

Bittor Uraga

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.