HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Azaroak 20

Aldi hartan, saduzear batzuk hurbildu zitzaizkion Jesusi (saduzearrek ez dute onartzen hildakoak pizten direnik), eta galdetu zioten: «Maisu, Moisesek idatzi zigun: “Norbaiti anaia ezkondua seme-alabarik gabe hiltzen bazaio, ezkon bedi alargunarekin, anaiari ondorengoa emateko”. Baziren, bada, zazpi anaia. Zaharrena ezkondu eta seme-alabarik gabe hil zen. Bigarrena eta hirugarrena alargunarekin ezkondu ziren, eta zazpiak berdin. Eta denak seme-alabarik gabe hil ziren. Azkenik, hil zen emakumea ere. Piztuerakoan, zeinen emazte izango da, zazpiek izan baitzuten emazte?»

Jesusek erantzun zien: «Mundu honetan gizon-emakumeak ezkondu egiten dira; baina datorren munduan eta hildakoen piztueran parte hartzeko Jainkoak gai aurkituko dituenak, gizaseme nahiz emakume, ez dira ezkonduko; izan ere, ez daitezke hil, aingeruak bezalakoak baitira eta Jainkoaren seme-alaba, piztueran parte dutenez gero. Gainera, hildakoak pizten direla Moisesek berak adierazten du, sutan zegoen sasiaren pasartean, Jaunari “Abrahamen Jainko, Isaaken Jainko eta Jakoben Jainko” deitzen dionean. Ez da hildakoen Jainko, biziena baizik, denak bizirik baitaude harentzat».

Orduan, lege-maisu batzuek esan zuten: «Maisu, ederki esan duzu». Eta ez ziren ausartzen beste galderarik egitera.

§ Lukas 20, 27-40.

Sarri askotan galdetzen diogu geure buruari hil ondorengo bizitza nolakoa izango ote den. Lehen kristauek ere kezka horixe zeukaten buruan bueltaka eta, gure antzera, hil ondorengo gauzak irudikatzeko, hil baino lehenagoko gauza ezagunak erabiltzen zituzten. “Zazpi haietako zein izango da senarra?” galdetzen zuten saduzear haiek; eta guk ere oraingo harremanak hartzen ditugu kontuan, ordukoak nolakoak izango diren asmatzeko.

Jesusek, berriz, gauza bi esango dizkigu: alde batetik, hil ondorengo bizia beste gauza bat dela, Jainkoaren beraren bizia izango dugula, orain dauzkagun mugak gaindituta; eta, beste batetik, gure Jainkoa bizien Jainkoa dela. Izan ere, Jesusek mila bider esan zuen bera bizia ematera etorria zela, bizitza bizitzea merezi duen zerbait izan dadin, alegia. Egin dezagun, bada, Jesusek bezalaxe: saia gaitezen gure inguruan bizigarria den bizia hedatzen eta ugaltzen; horrela, Jainkoaren bizi bera izatera hurbilduz joango gara.

Bittor Uraga

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.