HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Azaroak 19
Aldi hartan, Jesus, tenpluan sarturik, bertan salerosketan ari zirenak kanpora botatzen hasi zen, esanez: «Liburu Santuak dio: “Nire etxea otoitz-etxe izango da”. Zuek, ordea, “lapur-zulo” bihurtu duzue».
Egunero tenpluan irakasten ari ohi zen. Apaizburuak, lege-maisuak eta herriko handikiak Jesus hil nahian zebiltzan; baina ez zuten asmatzen zer egin, herri guztia aho zabalik baitzegoen hari entzuten.
§ Lukas 19, 45-48.
Jesusek istiluak bilatzen ote zituen? Galdera horri ezetz erantzun behar diogu: Jesusek ez zuen istilua maite, ezta indarkeria ere. Gatazkari, ordea, ez zion ihes egiten, pasarte honetan ikusi dezakegun bezala. Lehentasuna Jainkoaren Erregetzak zuen eta hura iragartzean gatazka sortzen bazen, ez zuen horregatik atzera egingo.
Eta hala, orduko handikiak Jesus nola hilko zuten zebiltzan, euren interesak defenditzeko, tenplua aitzakiatzat hartuta. Gaur ere gauza bera gertatzen da: gizaki guztien duintasun eta berdintasunaren alde egiten badugu, senideen arteko harremanak dituen gizarte zuzenagoa lortzeko lan egiten badugu, egungo handikiak gure kontra arituko dira eta orduko tenplua bezain gauza “sakratuak” hartuko dituzte aitzakiatzat: hemengoon ongizatea eta segurtasuna, lanerako gure eskubidea… Arriskutsua izan dateke. Eraso egingo digute eta laguntza eman nahi dutenei zigorrak ezarri. Baina Jainkoaren Erregetzak, senideen arteko harremanak dituen gizadiak lehentasuna du gaur ere.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.