HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Azaroak 17

Aldi hartan, Jesusek parabola bat kontatu zion jendeari, Jerusalemdik hurbil baitzen eta jendeak Jainkoaren erreinua une batetik bestera azalduko zela uste baitzuen: «Handiki bat urrutiko lurralde batera joan zen, errege-izendapena hartzera, gero itzultzeko. Bere zerbitzarietako hamarri dei egin eta ontzako urre bana eman zien, esanez: “Saiatu etekina ateratzen, ni itzuli bitartean”.

Baina herritarrek gorroto zuten eta mandatariak bidali zituzten ondotik, esatera: “Ez dugu hori errege nahi”.

Errege-izendapena harturik itzuli zenean, deiarazi zituen dirua banatu zien morroiak, bakoitzak zer irabazi zuen jakiteko.

Aurkeztu zen lehenengoa eta esan zuen: “Jauna, zure ontzakoak hamar halako eman du”. Nagusiak esan zion: “Ederki, morroi ona! Gauza gutxian leial izan zarenez gero, hartzazu hamar hiriren agintea”.

Joan zen gero bigarrena eta esan zuen: “Jauna, zure ontzakoak bost halako eman du”. Honi ere nagusiak esan zion: “Hartzazu bost hiriren agintea”.

Joan zen beste bat eta esan zion: “Jauna, hemen duzu zeure ontzakoa; zapian bildua eduki dut. Beldur nizun, gizon gogorra zarelako, eman gabea eskatzen eta erein gabea biltzen duzuna”. Nagusiak, orduan: “Heure esanetik kondenatzen haut, morroi gaizto hori! Bahekien gizon gogorra naizela, eman gabea eskatzen eta erein gabea biltzen dudana. Nolatan ez duk, bada, nire dirua bankuan jarri? Horrela, itzultzean, bere interesekin jasoko nian”.

Eta han zeudenei esan zien: “Ken iezaiozue ontzakoa, eta eman hamar dituenari”. Haiek erantzun zioten: “Jauna, lehen ere baditu hamar ontzako”. Eta nagusiak: “Hara nik esan: Duenari eman egingo zaio; ez duenari, berriz, daukan apurra ere kenduko. Eta errege nahi ez ninduten etsai horiek, ekarri hona eta hil itzazue nire aurrean”».

Hitz hauek esan ondoren, Jesusek Jerusalemgo bidean gora jarraitu zuen denen aurretik.

§ Lukas 19, 11-28.

Jainkoaren Erreinuaren logika ez da gure logika. Nola izan behar zuen, Erreinua bera ere gure gizarteaz bestelakoa bada! Jainkoak ez dizkigu emaitzak eskatzen, bultzatzea baizik; kontua ez da emaitza ikusgarriak ateratzen asmatzea, ezpada eman zaiguna Erreinuaren alde, emakume eta gizonen arteko harreman berriak dituen gizartearen alde erabiltzea.

Nork bere ahalmenaren arabera gizarte berriaren alde egin behar dugu: gaitasun handia duenak gauza handiagoak lortuko ditu, itxuraz; ezer gutxi egin ahal duenak, berriz, gauza txikiagoen antza dutenak egingo ditu. Baina emaitzak ez dira izango, ezinbestean, gure logikaren arabera diren bezalakoak. Mundua gizateria berrirantz milimetro batzuk hurbiltzea da gure lana, Jesusi Jerusalemerantz laguntzea, han zer gerta daitekeen badakigu ere. Joango gara, ahal dugun martxan?

Bittor Uraga

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.