HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Azaroak 14
Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Egun haietan, larrialdi handiaren ondoren, eguzkia ilunduko da, ilargiak ez du argirik emango, izarrak zerutik amiltzen hasiko dira eta ortziak dar-dar egingo du. Orduan, Gizonaren Semea ikusiko dute hodei artean ahalmenez eta aintzaz beterik etortzen; aingeruak bidaliko ditu eta bere aukeratuak bilduko lau haizeetatik, lur-muga batetik besteraino.
Ikasi pikondoaren irudi honetatik: kimua berritzen eta hostoa zabaltzen zaioneko, badakizue uda hurbil dela. Era berean, gauza horiek gertatzen ikustean, jakizue hurbil dela, ateetan, Gizonaren Semea. Benetan diotsuet: Gizaldi honetakoak hil baino lehen gertatuko dira gauza hauek guztiak. Zeru-lurrak igaroko dira, baina nire hitzak ez dira bete gabe igaroko. Zein egun eta ordutan gertatuko den, ordea, ez daki inork, ez zeruko aingeruek, ez Semeak, Aitak baizik».
§ Markos 13, 24-32.

Pertsona bakoitzaren biografian arrakastak eta porrotak daude, betetako eta bete gabeko ametsak. Badira, halaber, egoera bidegabeak, esperantzarik gabekoak, eta gehiegitan zentzurik gabekoak. Horrek ez gaitu bata bestearengandik desberdintzen, gizatasunak dakarren zerbait da, nahiz eta, zoritxarrez, batzuentzat besteentzat baino gordinago izan. Hala ere, zoritxarra, halabeharra eta bidegabekeria bizitzeko moduak desberdindu gaitzake. Horrelakoetan, erraza eta normala da uzkurtzea, beldurrak kikiltzea, edo itxaropena galdu eta etsitzea.
Gaurko Ebanjelioko pasartean, Jesusek Gizonaren Semearen etorrera iragartzen digu. Jainkoak Gizadiaren Historian errotik parte hartuko du Bere Herri osoa behin betiko biltzeko. Horregatik, udaberria iristen denean, fruitua ematen hasteko zain dagoen pikondoa bezalakoak izatera gonbidatzen gaitu Jesusek.
Jesusek dei argia egiten digu. Porroten, itxaropen zapuztuen, edo argitasun ezaren garaiak ere badira Jainkoaren garaiak, Haren erregealdia eraikitzeko garaiak. Horregatik eta horretarako, garai horien zantzuei adi egon behar dugu. Neguaren ondorengo udaberriaren itxaropena zaintzeko gonbidapena da.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.