HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Azaroak 13

Aldi hartan, etengabe egin behar zutela otoitz eta ez zutela etsi behar adierazteko, Jesusek parabola hau esan zien: «Bazen hiri batean epaile bat, ez Jainkoari beldurrik, ez gizakiari begirunerik ez ziona. Bazen hiri berean emakume alargun bat ere. Hau epaile harengana joaten zen, eskatzera: “Egidazu justizia aurkariarekiko auzian”. Luzaroan epaileak ez zion kasurik egin nahi izan, baina azkenean bere baitan esan zuen: “Ez diot Jainkoari beldurrik, ez gizakiari begirunerik; baina, alargun hau gogaikarri zaidanez, egingo diot justizia, behingoz bakean utz nazan”».

Eta honela bukatu zuen Jaunak: «Begira zer dioen epaile zuzengabeak. Eta Jainkoak, ez ote die justizia egingo, gau eta egun deiadarka ari zaizkion bere aukeratuei? Zain edukiko ote ditu luzaroan? Justizia berehala egingo diela diotsuet. Baina Gizonaren Semeak, datorrenean, aurkituko ote du sinesmenik munduan?»

§ Lukas 18, 1-8.

Nork egiten du otoitz gaur? Zertarako balio du? Gehienon beharrak, funtsezkoak zein bigarren mailakoak, asetzat jotzen ditugu. Osasuna, lana, etxebizitza, oporrak, egun luze baten ondoren deskonektatzeko erosketak egitera joan gaitezke… Zertarako behar dugu otoitza?

Jesusek kontatzen digun pasartean gizon-emakumeei eta, bide batez, Jainkoari bizkarra emanda bizi den epailea aurkezten digu. Ez du inoren beharrik, Jainkoaren beharrik ere ez. Alarguna, berriz, gizartearen ertzetara baztertutako pertsona, bere eskaeran tematzen da justiziaren egarri delako, tinko mantenduz epaile hotzaren aurrean.

Gaurko Jesusen begirada gure inguruan beharrean daudenentzat da, edozein “alargunentzat”, edozein arrazoirengatik pobretutakoarentzat. Jesusek, begirada errukitsu, samur eta konplize batekin, ez dutela amore eman behar esan nahi die, bila dezatela Jainkoa behin eta berriz. Baina Jesusen begirada horrek jarraitzaile garenoi ere esaten digu zerbait: Jainkoa aurkitu nahi badugu, alargun horren otoitza entzun eta hurbil gaitezela, han aurkituko dugula Bera. Ez diezaiogula bizkarra eman.

Jon Arruti

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.