HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Azaroak 12

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Noeren garaian bezala gertatuko da Gizonaren Semearen garaian ere: jan-edanean zebilen jendea eta ezkondu egiten ziren gizon-emakumeak, Noe ontzian sartu zen eguna arte; baina etorri zen uholdea eta denak galdu zituen.

Gauza bera gertatu zen Loten garaian ere: jan eta edan, erosi eta saldu, landatu eta eraiki egiten zuen jendeak; baina, Lot Sodomatik atera zen egunean, su eta sufrezko euria egin zuen zerutik eta denak galdu zituen.

Hala gertatuko da Gizonaren Semea agertuko den egunean ere. Egun hartan, etxe gainean egon eta bere gauzak etxean dituena ez bedi hartzera jaitsi; eta, era berean, soroan dena ez bedi atzera itzuli. Oroitu Loten emazteaz.

Bere bizia beretzat gorde nahi duenak galdu egingo du; galtzen duenak, berriz, onik aterako du.

Nik diotsuet: gau hartan bi lagun egongo dira ohe berean: bata hartuko dute eta bestea utzi; bi emakume ariko dira batera ehotzen: bata hartuko dute eta bestea utzi». Ikasleek galdetu zioten: «Non izango da hori, Jauna?» Jesusek erantzun zien: «Sarraskia non, han bilduko dira putreak».

§ Lukas 17, 26-37.

Auto marka batek zoriontasuna saltzen digu bihurgune bakoitzaren trazaduran. Itsas bidaien agentzia batek bakea agintzen digu. Ikastetxeek ezbairik gabe ziurtatzen digute gure haur kuttuna probetxuzko pertsona bihurtuko dutela, eta unibertsitateek etorkizun arrakastatsua emango diotela. Bankuek errentagarritasuna eskaintzen digute eta aseguru-etxeek bizitza segurua, ezusterik gabea.

Jesusek, aldiz, adi egotera deitzen digu, Jainkoaren erregealdia espero ez dugunean agertu daitekeelako. Mesianismo faltsuei belarriak itxi eta Jainkoaren erregealdia non hazten ari den antzemateko gonbidapena da; izan ere, Hura ez da mundu honetakoa, ez da hazten guk nahi dugun moduan, nahi dugun momentuan edo nahi dugun lekuan.

Jesusen jarraitzailea adi dago, garaiko seinaleak bereizteko, espero ez den lekuan bila. Jesusen jarraitzaile izan nahi dugunok dagoeneko iristen ari den erregealdia esperimentatzen saiatu behar dugu, gure artean baitago, nahiz eta ez dugun sumatzen, Jainkoa dagoeneko hemen bizi delako, haren etorrera hasia delako.

Jon Arruti

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.