HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Azaroak 11
Aldi hartan, Jainkoaren erreinua noiz iritsiko zen galdetu zioten fariseuek Jesusi. Honek erantzun zien: «Jainkoaren erreinua ez da nabarmen etorriko. Ezin esango da: “Hona hemen” edota “hara han”; zeren Jainkoaren erreinua zuen artean baitago jadanik».
Gero, ikasleei esan zien: «Iritsiko da garaia, Gizonaren Semea etorri osteko egun bat bederen ikusi nahi izango duzuena, eta ezin izango duzue ikusi. Orduan, “hona hemen”, “hara han” esango dizuete. Baina zuek ez joan, ez atera atzetik lasterka. Izan ere, tximistak une batean zerualde batetik besteraino argi egiten duen bezala, hala izango da Gizonaren Semea etorriko den egunean. Baina aurretik asko sufritu behar du, eta gizaldi honek gaitzetsi egingo du».
§ Lukas 17, 20-25.
Fariseuak bezala, fededun garenok geure buruari eta Jaunari hauxe galde diezaiokegu: noiz iritsiko da Jainkoaren Erreinua? Bizitza noiz suertatuko da garaile heriotzaren gainetik, elkartasuna norberekoikeriaren gainetik, maitasuna gorrotoaren gainetik?
Jesusek ez du erantzuten datak emanez. Jainkoa ez dago bere ahalguztiduntasunean eta orojakintzan lehorreratzeko aldez aurretik finkatutako eguna noiz iritsiko zain. Ankerra litzateke. Jesusen erantzuna ustekabekoa da: iritsi da, Jainkoaren erregealdia hasia da.
Gaur ustekabekoa izateaz gain, deserosoa era bada, bizitza konprometitzea dakarrelako. Fededuna bere egunerokotasunean Jainkoaren aldeko aukera berritzera gonbidatuta dago, Jesusen Zoriontasunen programaren alde. Jesusen irakaspenei eta ereduari jarraituz, egunero anai-arreben mundu baten alde lan egiten dutenen alderdia da hau. Jainkoarena ez da ezarriko den erresuma bat; aitzitik, denok gaude gonbidatuta haren erregealdiaren eraikuntzan parte hartzera.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.