HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Azaroak 10

Aldi hartan, Jesus Jerusalemera bidean, Samarian eta Galilean barna zihoan. Herrixka batean sartzean, hamar legenardun atera zitzaizkion bidera. Urruti gelditurik, deiadarka esan zioten: «Jesus, Maisu, erruki zakizkigu!» Jesusek, ikustean, esan zien: «Joan eta azaldu apaizengana». Bidean zihoazela, garbi gelditu ziren.

Haietako bat, sendatua zegoela oharturik, Jainkoa deiadarka goratuz itzuli eta Jesusen oinetara ahuspez erori zen, eskerrak emanez. Samariarra zen bera.

Jesusek esan zuen: «Ez al dira hamarrak garbi gelditu? Non dira beste bederatziak? Ez al da izan atzerritar hau besterik Jainkoa goratzera etortzeko?» Gero, esan zion: «Jaiki eta zoaz; zeure sinesmenak salbatu zaitu».

§ Lukas 17, 11-19.

Errealitatea etiketatzen dugu, batez ere pertsonak. Erosoagoa da. Izan ere, ia denetik bueltan gaude, dagoeneko badakigu zein ondorio izango dituen erabaki batek, zer esango duen pertsona horrek. Ez dago ezustekorik, zer gertatuko den aurreikus daiteke, patua idatzita balego bezala.

Juduen legeak ez du legenduna kondenatu nahi, komunitatea kutsaduratik babestu baizik. Legenduna baztertzea ondorio bat da. Jesusek nobedadea dakar legendunari begiratzera ausartzen denean. Errukia sentitzen du eta sendatu egiten du. Beste berrikuntza Jesusengana bueltatutako sendatuaren pertsonarengan dago, samariar bat delako, bekatari bat. Jainkoaren eskuari antzeman dio eta eskerturik dago. Beste sendatuek, berriz, ez dute zer eskerturik. Bederatzi horientzat, Jainkoak jarraitzen du legea betetzeko eskatzen, ez dute Jainkoaren hurbiltasuna sumatu.

Jesusen hurbiltasunak begiradak eraldatzen ditu, dena berri ikusaraziz, beste argi batekin, beste modu batean. Begirada horretatik, azkenak lehenengo bihurtzen dira, negar egiten dutenak zoriontsuak izango dira edo hirurogeita hamar bider zazpi barkatuko dugu.

Jon Arruti

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.